EDITORIALA

Kutxabanken gehiegikeriek ez dute etenik

Kaleratzeak Stop elkarteak atzo salatu zuenez, Kutxabankek Dublinen egoitza duen finantza-funts bati 2.500 hipoteka-mailegu saldu dizkio, nonbait kobratzeko zailak direnak, baina operazioagatik 250 milioi euro kobratu ditu. Jaso duen diru kopurua ez da, behintzat, ahuntzaren gauerdiko eztula. Aurretik, zalantzazko beste mailegu sorta bat ere saldu zion, kasu horretan, Cerberus funts estatubatuarrari, 358 milioiren truke. Lehen operazioak Euskal Herriko familiei eragin ez bazien ere, oraingo honetan zordunen artean Donostian, Goierrin eta Gasteizen bizi diren hainbat pertsona daude.

Eragiketa hori egiteko bi helburu argi ditu Kutxabankek: alde batetik, bere aktiboetatik kobratzeko zailak diren maileguak kentzea lortzen du, zorpetutakoaren zati bat berreskuratzen du eta balantzea hobetzen du. Operazio hori ez da premiazkoa, ezta ezinbestekoa ere, bere propagandari erreparatzen badiogu. Izan ere, Kutxabank Estatu espainiarreko bankuen artean kaudimen handiena duena da, eta, beraz, ez du porrot egiteko inolako arriskurik mailegu horiek azkenean huts egiten badute; gainera, tartean ondasun hipotekatu bat dagoenez, beti berreskuratuko du parte bat. Bestetik, eragiketak beste helburu askoz ere zekenago bat du: Banku Jardunbide Egokien Kodeak ezartzen dizkion eskakizunen gaineko ardura saihestea, dekretu horrek luzamenduak eskaintzera, etxea ordainetan ematea onartzera eta alokairu soziala eskaintzera behartzen baitu, etxegabetzea saihesteko. Finantza-funtsek betebehar horiek ez dituztenez -harrigarria da gobernuek finantza-kapitalari halako erraztasunak ematea-, salmenta horrekin Kutxabankek dirua jasotzen du eta, aldi berean, familia zordunak babesik gabe uzten ditu. Ezbairik gabe, jokaldi zital eta arbuiagarria da.

Onartezina da teorian irabazi-asmorik ez duten banku-fundazioen jabetzakoa den banku batek halako operazioa egitea. Lakuako Gobernuak, hori arbuiatzeaz gain, zordunen oinarrizko eskubideak bermatzeko esku hartu beharko luke, eta gerta litezkeen etxegabetzeak eragozteko. Finantza-sistemaren gehiegikerien aurrean planto egiteko garaia da.