Amagoia MUJIKA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2022

Lizarrakoa, Bizkarrarentzat

Aitor Bizkarra gailendu zen atzo Lizarrako saioan eta berak lortu du finalaurrekoetara pasatzeko azken txartel zuzena. Asier Azpirozek ere aurrera egitea lortu du.

Ezker-eskuin, Mantzizidor, Gaztelumendi, Bizkarra eta Akizu. Saioa Bizkarrak irabazi zuela jakitean, bertsokideak abadiñoarra zoriontzen.
Ezker-eskuin, Mantzizidor, Gaztelumendi, Bizkarra eta Akizu. Saioa Bizkarrak irabazi zuela jakitean, bertsokideak abadiñoarra zoriontzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Borborka da berriz ere bertsoaren kazuela/ lehen plateraren kondarrak gara baina on dagizuela», kantatu zuen hasierako agurrean Aitor Bizkarrak. Berak plater guztiak kozinatu zituen ongi, formaz eta mamiz. Ariketa guztietan asmatu zuen bertsoa gatzozpintzen. Ganbarakoan gora ekarri zuen goitik ekarritako saioa.

Hauxe zuten gaia: Zure egoera orain arte ezkutuan mantendu duzu. Gaur laguntza eskatu beharrean zaude. Depresioa daukanaren azalean, hauxe Bizkarraren hirugarrena: «Dena dut ezinegona enaiz gustura ezertan/ hiru pilula gauetan ta beste hiru goizetan/ bart gauez irentsi nuen horrenbeste lorazepam/ zalantza egin bainuen bizitzak zentzurik zeukan/ sei hilez euki gaituzte giltzatuak lau hormetan/ ta nik berdin jarraitzen dut pospandemia honetan/ bakarrik nago minean bakarrik nago penetan/ ordea taldean soilik senda naiteke benetan».

Zortziko nagusian Bizkarra eta Akizu egokitu ziren, saioan gehien nabarmendu ziren bi bertsolariak. Unibertsitatean hasi berri diren bi ikasleren azalean, Akizu pozik zebilen eta Bizkarra, desilusionatuta. «...ba niretzat da galera huts bat hau da bizi injustua/ desilusio bikoitza baita ilusio zapuztua». «...ikasten dugu logika pixkat ta enpresaren etika/ askoz gehiago ikas liteke begi biak irekita», errematatu zituen Bizkarrak bere aleak.

Hortik hasita, bertso menuko plater guztietan asmatu zuen Abadiñokoak.

Asier Azpiroz izan zen saioko bigarrena. Zortziko nagusian txukun abiatu zuen saioa, Imanol Uriarekin elkarlanean. Lehorreko lursail handiak zituztenen azalean, zereala eta laboreak erein zituzten urte luzez. Orain Uriak laborantza utzi eta eguzki plakak jarri nahi ditu. «Zuk aberastu egin nahi dezu onartu ezazu jator/ baina plakekin etzazu pentsa jarraituko degu idor/ nere aitonak ta nere aitak garia jarri zuten hor/ hoiek kenduko plakak jartzeko ni ez naiz sentitzen inor», bota zuen lehena.

Zortziko txikian ere ondo, Mantzizidorrekin. Hogeita hamar urte zituen Azpirozek eta aitonak -Mantxik- paga ematen zion egunero. «Hogeita hamar urte bete ditut aurten/ ta hara maitasunak zer egin dezaken/ bere euro terdia ari zait ematen/ aitona jada ez det txupatxusik jaten», ireki zuen bidea Azpirozek. Puntuak eskutan, berak kantatu bezala, “foto finishean” sudurra sartuta lortu du datorren fasera pasatzea.

Akizuren potoa

Maialen Akizu izan zen hirugarrena. Atzo bildu zituen 658,5 puntuek ez diote balio izan finalaurrekoetara pasatzeko eta pena izan zen, saioa ondo josi zuelako urretxuarrak. Ganbarako ariketan poto egin zuen eta hor joan zitzaizkion seguruen datorren fasera pasatzeko behar zituen puntuak.

Saio txukuna egin zuen Akizuk, kolpe ederrak eman zituen, zortziko txikian horietako bat. Imanol Uria laguna bista galtzen ari dela eta, besoa luze-luze eginda irakurtzen ikusten du. «Lagunari lagundu behar zaio berez/ ta ibili ohi naiz horrekiko xedez/ Homero irakurtzen du ta Imanol mesedez/ Itaka urrun dago baino hainbeste ez».

Egia esan, Uriak ondo erantzun zion okurrentziari. «Itaka urrun dela ondo dakit jakin/ nik enfokatzen baitut begiradarekin/ baina urrunduz nago ekin eta ekin/ irakurri nahi baitut perspektibarekin».

Hamarreko txikian ere fin aritu zen Akizu, Gaztelumendirekin kasu honetan. Militantzian asko arituak, Akizuk ezetz esaten ikasteko garaia dela uste du. «Garrantzitsua degu norbere lepoa/ gure bigarren etxe batzar aretoa/ herritarra izan naiz ta honen aldekoa/ baina ezetza ere dugu balekoa/ hemen inortxo ez da ezinbestekoa».

Laugarrena Imanol Uria izan zen. Erori gabe osatu zuen saioa, aleak txukun josiaz. Ganbarakoan droga mendekotasuna zeukanaren ahotik aritu zen. Hauxe, hirugarrena: «Alaba txikia baita buruan dudan bakarra/ ta aspaldian buruan baneukalako marmarra/ laguntza eskatu ezean zer izango da biharra/ ez dut izan nahi betiko parrandetako izarra/ eta nahiz aita izanda dugun arraro xamarra/ argi izan behar dugu ez dela hain gauza txarra/ ta ez dela ahuldade bat laguntza eskatu beharra».

Atzoko saioan izan zen datu bat ariketa desberdinetan igarri zena. Sei bertsolarietatik bost guraso izan dira azken urtebetean. Aitor Bizkarra da guraso ez den bakarra.

Bosgarrena Unai Gaztelumendi izan zen. Lotu samar aritu zen ariketa guztietan. Ganbarakoan lortu zuen gozatzea. «Hilabetero kuota ez da zenbaki labaina/ ia hirurehun ordaintzen det zerbait bada alajaina/ ia lehertzear jarri zait neri lepondoko zaina/ bizitza garesti dago ta ni pobrea ordaina/ egoerak hartua dit aspaldi honetan gaina/ aitari eskatu diot hil hau pasatzeko aiña/ berak ere sobran ez du gehiegi izango baina», bota zuen bigarrena.

Seigarrena, Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ izan zen, saioko beteranoa. Berak azken agurrean aitortu zuen bezala, gozakaitz aritu zen saio osoan, irristadaka. Hamarreko txikian marraztu zuen ertz bat, Uria semearekin batera antzerki taldera animatu nahi duen gurasoaren azalean. «Irudikatu nauzu ahul ta pendizan/ baina argi egingo det neure izar printzan/ Shakespeare (xexpier) degu gaurko obra ezagun bizitzan/ ta bertara joanpo naiz neuk desio gixan/ orain zeuk aukeratu izan edo ez izan».

Ganbarakoan eman zuen azken tragoa, alkoholismoarekin arazoak zituenaren azaletik. «...nork ez ote du ba bizitzea hiltzea baino gehiago/ psikiatrikoan sar nazatela ta neuk eskatuta klaro/ ea bizitza ez den pasatzen mozkorra baino lehenago», bota zuen amaierako alean zarauztarrak.

Atzoko saiotik bik lortu dute hurrengo fasera salto egitea, Bizkarrak eta Azpirozek. Finalaurrekoetarako azken txartela 664 puntuan erosi du Apalategik.

finalaurrekoak

Txapelketak eskailera bat gora egingo du eta bigarren fasean sartuko da, finalaurrekoetan. Lehen fasetik datozen 19 bertsolari eta bigarren fasean zain dauden beste bost, guztira 24 bertsolari arituko dira finalera begirako txanpa horretan. 2017an finalista izandako eta aurtengo txapelketan parte hartzeko prest dauden bost bertsolari igoko dira trenera: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi.

Finalaurrekoak bi itzulira jokatuko dira. Lehen itzulian, geltoki hauek izango ditu txapelketak: Elizondo, Donibane Garazi, Irun eta Durango. Datorren asteburuan atseden hartuko du txapelketak eta urriaren 22an Elizondon hartuko du berriz martxa.