Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Hiru euskaldun garaile Espainiako Kopan

Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak (Fedme) antolatutako erregulartasun zirkuituan euskal harrobiak etorkizun oparoa duela erakutsi zuen. Seniorrek ez bezala, lehiakide askok parte hartu zuen Espainiako Eskalada Kopak zailtasuneko modalitatean izaniko hiru hitzorduetan.

Nagusien mailan duela urte batzuk eskalatzaile asko ikusten genituen lehia hauetan. Gainera, oso emaitza onak sinatzen zituzten. Baina, aurten, aurreikusten zen krisi hori areagotu egin da, bi euskal ordezkarik baino ez baitute parte hartu: Haizea Osesek eta Iker Carrerak, hain zuzen. Ia final guztietan izan dira, eta biak ala biak bederatzigarren postuan sailkatu ziren zirkuitu horretan. Iragan asteburuan Getafen jokatutako azken proban Oses finalera igaro zen eta zortzigarren postua eskuratu zuen. Carrera, berriz, azken txanda horretatik kanpo geratu zen.

Zorionez, gazteen kategoria ezberdinetan lehiatu ziren euskal eskalatzaileek bikain bete dute hutsune garrantzitsu hori. 14, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategorietan sasoi oso-oso ona erakutsi zuten. Emaitzak, bederen, horren isla dira. Denera, hiru garaipen ageri ziren Espainiako Kopako sailkapen orokorrean: Garazi Gurrutxagarena, Ainhize Belarrena eta Joanes Espartarena.

GAZTEENAK TINKO

Emaitza orokor horiek lortu ahal izateko, lehenik eta behin, hirugarren eta azken proba jokatu behar izan dute. Getafeko lehia horietan, seniorretan, aurreratu dugu Osesek soilik izan zuela finalean sartzeko aukera.

14 urtez azpikoetan, berriz, Ines Allendek erabateko eraginkortasuna erakutsi zuen; izan ere, eskalatutako hiru bideetan top egin zuen. Hortaz, lehen postua lortu zuen. Puntu guztiak batu eta gero, Allende bigarrena izan da erregulartasunaren zirkuituan. Eñaut Usonek, bestalde, hirugarren postuan bukatu du.

16 urtez azpikoen mailan ez zen podiumik lortu; bai, ordea, hurrengo kategorian (18). Aurreko proban bigarrena izan ondoren, Belarrek azken hau irabazi zuen. Gainera, sailkapen txandetan bi top egin zituen. Irati Guenetxea hirugarrena izan zen. Behin betiko sailkapenean, Belarrek Espainiako Kopa eskuratu du, eta Guenetxeak, brontzea. Joanes Espartak hirutik hiru egin du eta, hortaz, bigarren garaipena bilbotarraren eskutik heldu da.

Azkenik, 20 urtez azpikoen mailan, Garazi Gurrutxaga bigarrena izan zen Getafen eta horrek garaipena eman zion Espainiako Kopan. Oihane Ruiz de Argandoñak hirugarren egin du.