Meteorologia eta mikologia
Udazken bete-betean gaudela kontuan hartuta, modan dagoen gai baten inguruan natorkizue gaur: perretxikoak.
Zoritxarrez, gai honen inguruan ikerketa oso gutxi egin dira eta datu gutxi daude. Perretxikoak Euskal Herrian urte guztian zehar ateratzen dira. Izan onddo beltza, ziza zuria, galanperna, gibelurdina, eta abar. Baina ale gehien izaten den urte sasoia udazkena izaten da. Zergatik?
Udazkenean, batetik, tenperatura altu xamarrak izaten dira. Hau da, trantsizio fase batean gaude, non depresioak indartzen ari diren, baina antizikloiak temati eusten dion latitude altuetan, horrekin oraindik ere aire masa nahiko beroak gugana irits daitezkeela. Eta, bestetik, prezipitazio gehiago izaten da. Euri horrek lurrari hezetasuna ematen dio, perretxikoak ateratzeko funtsezkoa dena. Ihintzak ere lortzen du euriaren efektu bera. Aurten, ordea, ez du euri askorik egin, eta panoramak momentuz itxura kaxkarra du epe ertainera. Euri gutxi eta hego-haizea espero baita.
Egoera honetan perretxikoen bilketa zentzuduna egitea komeni da. Askori gustatzen zaizkigu, baina bilketa txar batek perretxikoaren galera ekar dezake. Oso txikiak diren aleak utzi eta, biltzean, ondo ebaki; eta, garrantzitsuena, mizelioa errespetatu, etorkizunean perretxiko berriak ateratzea bermatzeko.
On egin!