Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Sokada estatubatuar batek Groenlandian bi hormatzar arriskutsu igo ditu

Hazel Findlay-k eta Alex Honnold-ek, uharte handi horretan egindako sei asteko bidaian, Ingmikortilaq eta Poll Wall murruen lehendabiziko igoerak egin dituzte, kirol eta zientzia helburuekin.

Alex Honnoldek Groenlandiara bidaia egin du Hazel Findlayrekin. Esku artean zituzten helburuak kontuan hartuta, sokada bizki interesgarria osatu dute. Honnold mediatikoak Findlayrekin gerrira lotu du soka. Lehendabizikoak ez du aurkezpenik behar; bigarrenari buruz, berriz, esan liteke eskalada tradizionalean, nesken artean, munduko espezialista sasoikoenetarikoa dela.

Berezia izan da espedizioaren osaera guztia ere. Eklektikoa goitik behera. Eskaladaz gainera, helburu zientifikoa izan du. Uharte erraldoi eta hotz horretako urrutiko lekuetan dauden zenbait alderditan izan dira, ukitu gabe zeuden tokietan. Zientziaz den bezainbatean, Groenlandiak Izotz Aroan zuen klima aztertzeko (eta ulertzeko) arroka lagin batzuk bildu dituzte. Harkaitz puska horiek izotzaren azpian zeuden garai haietan.

Kirol ikuspuntutik aztertuta, espedizioak emaitza ederrak eman ditu. Adierazi bezala, inoiz bisitarik izan ez duten alderdietan izan dira: Groenlandiako ekialdean. Protagonistek diotenez, Nordvestfjord izeneko fiordoa eskaladarako paradisua da; izan ere, txoko guztietan pareta erraldoiak, orratzak, monolitoak eta arrokazkoen antzeko formazioak daude.

Logikoa denez, Findalyk eta Honnoldek eskalatutakoa igo gabe zegoen. Hortaz, eginiko eskalada guztiak lehenbiziko igoerak izan dira. Adibidez, Ingmikortilaq-eko murru erraldoiaren iparraldeko aurpegian 1.150 metroko marra (5.11 X) igo zuten. Horma hori izen bereko penintsulan kokatuta dago, eta Nordvestfjordeko ur izoztuetatik zuzen-zuzenean altxatzen da.

Honnoldek berak aitortu du erabat harrituta geratu dela eskalatu duten pareta horiekin: «Lasai asko esan dezaket, fiordo horretara heltzeko mapatik atera ginela ia. Eskaladari dagokionez, berriz, baiezta dezaket hormatzar batean egin dudan igoera handienetarikoa izan dela. Horrez gain, oso estresantea izan zen; besteak beste, eskalada oso arriskutsua izan zelako&csMarker;».

Bidaia berezi hori, dena den, Pool Wall-en hasi zen. Eskalatzaileok hurbilketa bide oso-oso luzea egin behar izan zuten. Honnoldek aipatu du, ia atsedenik hartu gabe, paretaren erdian 5.12c (7b+ gure eskalan) maila eta 500 metro dituen bide bat zabaldu zutela: «Granitoa zela zirudien, baina gneis oso “interesgarrian” eskalatu genuen. “Two Ravens” izena jarri diogu, eta, oro har, artesi sistema bati jarraitu behar izan genion. Luze batzuk oso onak izan ziren; beste batzuetan, aldiz, arrokaren kalitate eskasarengatik, arreta handiz jardun behar izan genuen. Zenbait seguru finko (paraboltak) jarri eta gero, bi egun behar izan genituen luze guztiak era askean igotzeko. Onartu behar dut Hazelek eginiko lana txalogarria izan zela. Batez ere, bigarren eguneko ahalegina. Haize artikoa pareta astintzen ari zen bitartean, Hazelek egundoko borroka egin zuen artesi zikin batean. Nahiz eta hotzaren eragina oso handia izan, nire sokakideak ordubete egin zuen luze hori librean gainditzen. Harrigarria da ere hurrengo luzean sokaburu joan zela, kexarik gabe. Pozarren zegoen eskalada horretan lortu zuen arrakastarekin. Onartu behar dut Hazelen jarrerak asko bete nauela; izan ere, luze desatseginetan eta zikinetan ardura hartu zuen».

Oso arriskutsua

Poll Wall murruan igoera ederra egin eta gero, eskalatzaileek zein zientzialariek bost egun oinez egin zituzten bigarren helburura heltzeko. Zama handiarekin zeharkatu behar izan zuten Renland izeneko kasko polarra. Ingmikortilaqera heldu bezain laster, Findlay eta Honnold prest zeuden igo gabe zegoen monolito hari ekiteko. Poll Wallen bezala, gneis bitxi bat aurrez aurre zuten pareta horretan ere, baina aurrekoa baino askoz nahasiagoa eta puskatuagoa.

Honnoldek esan du eskalatutako kilometro hori arriskutsua izan zela oso: «Hormatzarraren hasiera deserosoa zen. Harritzarren eta bloke solteen artean ibili ginen. Ondoren, eskalada eder bat egiteko aukera izan genuen. Mikey Schaefer (zinemagilea eta eskalatzaile handia) eta Aldo Kane gurekin ziren; izan ere, aurreko eskaladan bezala, bigarren honetan ere dokumental bat grabatu behar zuten. Lau eguneko lana izan zen. Eskalatzeaz gain, zenbait sekzio garbitu behar izan genituen. Berriz ere egundoko lana egin zuen Hazelek. Arrisku handiena eskatzen zuten luzeetan sokaburu joan zen. Egoera latzak igaro genituen; besteak beste, arroka eta izotz puska asko askatzen eta erortzen zirelako».

Emaitzari dagokionez, 1.150 metroko marra bat ireki zuten. Ibilbidea dorrearen ezkerraldetik marraztu zuten: «Nahiz eta arrokazko bide bat eskalatu dugun, iruditu zaigu mendi batean jardun dugula. Horregatik deitu diogu “North East Ridge”. Hazel britainiarra denez, luze gogorrenari E6 zailtasuna eman dio. Estatubatuarrok erabiltzen dugun eskalan 5.11 X izan daiteke. Maila hori jarri diogu, baina ez da oso zehatza; izan ere, argi eta garbi dugu balizko errepikatzaileek ez dutela gure ibilbidea zehatz-mehatz jarraituko. Hitz gutxitan esanda, lortu dugun saria beldurgarria da; jarduera horrek heriotzari aurre egiten dio. Bai, Hazel eta biok bat gatoz honakoa esaterakoan: egin ditugun izaera eta ezaugarri horretako eskaladen artean azken hau, arriskuaren aldetik, zorrotzena izan da. Heldulekuak puskatu egiten ziren, irrist egiten genuen, eta goialdean bloke erraldoiak geneuzkan. Balizko eroriko bat saihestu behar genuen derrigor; min hartzeko eta hiltzeko arriskua hortxe zegoen. Estres etengabekoa izan dugu; alabaina, pareta laiotz horretatik irten eta lehen eguzki izpiak jaso genituenean lasaitasunera itzuli ginen».

Amaitzeko, protagonistek onartu dute eskalatu dituzten bideekin oso gustura geratu direla. Hots, zabaldutako bi marra horiek asko bete dituzte. Era berean, erantsi nahi izan dute aberatsa izan dela espedizioan bizitako eskarmentua: «Eskalatzeaz gainera, zientzialariei lagundu diegu. Jarduera oso interesgarriak egin ditugu, eta Groenlandiako alderdi horiek eskaladarako dituzten aukerak benetan zabalak dira: murru ikusgarriak, urruneko eremuak… Arrokan sekula egin dudan eskalada hotzena izan da. Eta baldintzak ez dira batere egokiak izan: euria, elurra… Fisikoki ez da batere erosoa izan, baina, zalantzarik gabe, merezi izan du!».