Esti EZKERRA
Literatura kritikaria

Isiluneak

Rebecca Hallek idatzi eta Hugo Martinezek irudiz hornituriko “Wake” (2021) lan grafikoa ez da sailkatzen erraza. Badu autobiografiatik, Hallen beraren jardun akademikoan eta bizipenetan oinarriturik baitago, badu memoria historikotik, esklabotza baitu gai nagusia, eta fikzioarekin ere jolasten du Saidiya Hartman akademikoak “fabulazio kritikoa” izendaturikoa praktikan jarrita (artxiboan dauden hutsuneak betetzea ikerketa historikoa, teoria kritikoa eta fikzioa uztartuta). Bere garaian esklabotzari buruz Hall idazten ari zen doktorego tesiarekin abiatzen da “Wake”. Esklabo matxinadetan parte harturiko emakumeen historia idatzi nahi zuen, baina arazo bat zuen: apenas dago haien gaineko daturik. Existitu existitu ziren emakume haiek; dokumentu batzuetan zeharka aipatzen zituzten, baina izenik eman gabe, soilik generoa eta esklabo estatusa azalduz.

Afrikatik Ameriketarako bidean esklabo ontzietan erreboltak ohikoak ziren, eta maiz emakumeak zituzten gidari. Behin Afrikako kostaldetik urrunduta, esklaboen artean zeuden emakumeak bodegatik ontzigainera eramaten zituzten, eskifaiak nahierara erabil zitzan. Aurreritzi sexistak tarteko, emakumeek indarkeriarako joerarik ez zutela sinetsita zeuden, eta girgilurik gabe uzten zituzten. Emakumeak ontzigainean nahieran ibil zitezkeela aprobetxatuta, armak hartu eta esklabo bihurtu zituzten horien kontra oldartzen zirenean ere, asegurua kobratu ahal izateko kapitainak gertaeraren gainean idatzitako dokumentuan azaletik aipatuko zuen emakumeek matxinadan jokaturiko rola.