Maider IANTZI GOIENETXE

Pier Paul Berzaitzen «Uharte bat», bere patxadan, emozio handien sortzaile

«Pozik naiz disko hau aurkezteaz. Uste dut gauzak ongi eginak direla eta aztarna ona utziko dugula», adierazi zuen Pier Paul Berzaitzek Baionan «Uharte bat» plazaratzean. Philippe de Ezkurra musikariak ekoitzi eta Victor Sanchezek grabatu du Elkar estudioan. Atharratzen emanen du lehen kontzertua, abenduan.

Philippe de Ezkurra eta Pier Paul Berzaitz, Baionan.
Philippe de Ezkurra eta Pier Paul Berzaitz, Baionan. (Bob EDME)

«Abiadura handiko egun hauetan patxadaz entzuteko disko eder bat oparitu digute». Hala deskribatu zuen Elkar argitaletxeko Andres Camio “Jitu”-k Pier Paul Berzaitzen “Uharte bat”. «Beti erabiltzen ditut hiru mami edo ideia: amodioa, herria eta hizkuntza, eta baita espiritua ere. Juan de la Cruz poeta mistikoaren bi poema itzuli ditut lan honetan», kontatu zuen egileak atzo Baionako Eusko Ikaskuntzan egindako aurkezpenean.

Diskoak kantu berri anitz ditu, eta bi zaharrago ere bai: Mixel Labegerieren “Bakearen urtxoa”, eta duela 20 urte sortutako “Neurriak”. «Orduan pianoz egin nuen eta harmonizazioa merezi zuela pentsatu nuen. Azkenik, ‘Agur Maria’ bat idatzi dut, 2008an egin nuen ‘Orreaga’ ikuskizunaren kari. Aldudeko lau neskak kantatzen dute, Lau Buru taldea dira. Gure kontzertuetan beraiena izanen da lehen tartea».

Kasik akustikoa

«Plazer handia» izan da grabazioa. Giro ona izan dute, eta Paue eta Zuberoa artean bizi den artistak eskertzen du hori. Merkatua «zail» dagoela ikusten du. «Jendeak ez du diskorik erosten. Hala ere uste dut garrantzitsua dela, gauza materiala da; berantago egun batez errango dute ‘hori egin zen’. Aztarna bat uzten dugu, bakoitzak berea. Ez zaio utzi behar diskoak grabatzeari».

Ekoizpen lanak egin dituen Philippe de Ezkurra musikariak Berzaitzi eskerrak eman zizkion bere proposamenarengatik. «Desafio bezala hartu dut. Gure kultura da, tradizionala da, baina Pier Paulen poesiak emozio handi bat sortzen du, eta moldaketak emozio horrekin sartu behar ziren».

«Musika kasik akustikoa ematea pentsatu dut, hori ere inportantea izan da. Eta gero ia dena zuzenean grabatu dugu. Horrek beste emozio bat sortzen du».

“Uharte bat” Atharratzen aurkeztuko dute abenduaren 18an, 18.00etan, elizan. Donibane Garazin jotzekoak dira gero. Bospasei kontzertu egiteko asmoa dute, baina oraindik egunak finkatu gabe dituzte.