Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ausarta, polita, bizia... eta lehiakorra ere bai

Aitor Elordik bere sabaia igotzen jarraitzen du. Finalerdietan da, lehen zati estratosferiko batean 14-1 aurreratu eta Lasoren aurka sufritzen jakinda.

Aitor Elordi, pozarren, garaipena ospatzen.
Aitor Elordi, pozarren, garaipena ospatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aitor Elordik bere sabaia altxatzen jarraitzen du. Iaz final laurdenetarako ligaxkan sartzea lortu bazuen, aurten final erdietarako sailkatu den lehen pilotaria da, hiru astetan txapeldun izandako hiru pilotariri irabazita; Erik Jaka, Joseba Ezkurdia eta Unai Laso. Baina emaitzez harago, aurkariei errespetu ikaragarria sartuta sartuko da mallabitarra azken aurreko koxka horretara, betiko pilotari polit eta arriskutsua erabat lehiakorra ere bilakatu delako isilpeko lanaren poderioz.

Ezkurdiaren aurka aurreko astean egin bezala, une batzuetan perfekziotik hurbil aritu zen erasoan, bere joko oldarkor eta bizkorrarekin aurkaria atzeraka aterata; baina gauzak zail jarri zitzaizkionean, hortzak estutzen ere jakin zuen, presioa gainetik kendu eta bigarren erdian Unai Lasoren erasoaldiari aurre egiteko. Atzoko porrotaren ostean, Baikokoak Joseba Ezkurdiarekin jokatuko du multzoko finalerdietako bigarren, txartela, zuzeneko kanporaketa bat balitz bezala.

Partidak bi zati oso desberdin izan zituen, biak onak. Lehenengoan bizkaitarrak Bizkaia pilotalekuan batutako pilotazaleak erabat txunditu zituen bere jokoarekin Unai Laso erantzunik gabe utzita, zeharo. Aurreneko hiru tantoak hiru sake beldurgarrirekin lortu zituen eta, lehen pilotakada horretan bulkada hartuta, airean ibili zuen Bizkarreta-Gerendiaingoa. Pentsa, 42 pilotakadez, 10-0 aurreratu zen Aspeko aurrelaria, denak aho bete hortz utzita. Pilotakada guztiei zentzua emanez, bizi ibili zuen pilota, eta aurrelari nafarra erabat defentsan aritzera behartu zuen, tantoa dominatzeko inolako aukerarik gabe. Lehen atsedenaldi luzetik bueltan (12-1), hasierako alde hori handitzeko gai ere izan zen Elordi, sake errematean zital arituta. Eta 14-2koan Laso aspaldiko porrotik mingarrienerako bidean jarria zuela zirudien.

ERANTZUN ONA

Puntua galduta, nekez egon daiteke pozik Unai Laso, baina irakurketa positibo bat egiteko modua ere badu nafarrak, une kritiko batean, heldutasun froga bat gainditu zuela esan dezakegulako. Aspaldian halako une latz batean egon gabe, partidari joaten utzi gabe, Bizkarreta-Gerendiaingoak bikain erantzun zuen eta, gauzak ondo eginda, arazo larritan jarri zuen ordura arte laineza hartuta aritu zen arerio bat.

Hamabi tantoz atzetik zela gurutzatu ahal izan zuen bere lehen gantxoa, eta hortik aurrera partidaren gidoia goitik behera aldatu zen. Sakez asko sufritu ostean, sakez baita ere min handia egiten hasi zen nafarra. Pilotariak eta pilotak gastatuz joan ziren heinean, tantoak eta partida luzatu egin ziren, eta hor bere dohainak handiak direla erakutsi zuen nafarrak. Batez ere ezkerrez txokoan luze jota, min asko egin zion hankak lotzen joan zitzaizkion aurkariari, eta partida ekartzea lortu zuen, hori bai, markagailua berdintzea lortu gabe. 16-19koan eta 18-20koan ikusi zuen aurkaria gertuen aurrelari nafarrak, baina aukera-aukerako gantxo bat kanpora botatzeak eta sake-errematean arinegi joateak aukera urri horiek zapuztu zizkioten, Elordiri ondo merezitako puntua emanez.