Jon GARMENDIA
Idazlea

Alferkeria

Nik ere izango nituen txikitako ametsak, handitan zer izan nahi nuen eta abar; egia erran, ez dut zehazki oroitzen. Oroitzen dudana da gure baserrian etorkizunerako proiektatu behar ginela, ofizio bat ikasi eta egindakoarekin baliagarriak izan gizartearentzat; hau da, edozein lanbide hauta genezakeen, bat izan ezik, alferrarena, baldin eta halakoek etzanda egoteaz at bizitzan zerbait egiten badute. Alferra ez da ongi ikusia izan gure etxean, ez eta albokoetan ere; euskaldunaren balore eta izaerak lanera lotzen gintuela ikasi genuen agidanean, uztarriak idia bezala. Lanean edo lana asmatzen pasatzen zuela bizitza, hala bota zion anaia Eukenek aitari, agindu zizkigun eginbeharrak bukatuta, auzokoengana telebista ikustera joan nahi genuelako. Etxe bakoitzean bi telebista ditugu orain, baina orduan gutxi ikusten ziren, ikusteko geneukan denbora bezalatsu. Ia esaldi bera entzun nion Iñaki Segurola handiari urte batzuk geroago, jolaserako tarte gutxi uzten zutela-eta zaharrei errieta eginez. “Ganorexia”, horra hil osteko haren liburu, Durangoko Azoka motorrak berotzen ari den garaian plazara ekarri beharreko oroitzapena. Lanaren balorea eskuinekoa zela aitortu zuen Sandrine Rousseau diputatu ekofeministak duela gutxi, alferkeriarako eskubidea geneukala; tira, Alderdi Komunistako idazkari nagusiari erantzun omen zion, lanaren balore ezkertiarrak azpimarratu zituelako. Lana, ezkertiarra edo eskuindarra, interesgarria iruditu zait eztabaida. Paul Lafargue ere bizira ekarri dute berriro, baina hori hurrengorako utziko dut, gaur alfertua bainago.