Manex ALTUNA
ATHLETIC

Atzerapauso nabarmena defentsa lanetan, eta lesioak zelai erdian

Dembelek aurrea hartu zion Yuriri lehen golean.
Dembelek aurrea hartu zion Yuriri lehen golean. (Josep LAGO | AFP)

Athleticek zortzi gol jaso ditu azken lau partidetan eta hamabi daramatza lehen hamaika jardunaldietan. Denboraldi honetan arrisku gehiago hartzen ari dira atzealdean, erasoko jokoan hobeto moldatzeko helburuarekin, eta aurkariek ezker hegaletik min egiteko modua aurkitu dute. Sevilla, Atletico, Getafe eta Bartzelonaren golak alde horretatik heldu dira.

Dembelek, esaterako, sekulako triskantza eragin zuen. Gol bat eta hiru pase erabakigarri eman zituen. Yuri gaindituta ibili zen. Lekueri ere gertatu zitzaion Sevillan. Taldea ez dabil fin defentsa lanetan, eta Iñigo Martinez bezalako atzelariak sufritzen ari dira.

Vila-real hartuko dute igandean San Mamesen. Puntuetan berdinduta daude bi taldeak sailkapenean. Seigarren tokian daude zuri-gorriak, Europako postuetan. Porrot gogorra jaso arren, burua altxatu beharra daukate. Herrerak eta Dani Garciak ezingo dute jokatu, lesionatu egin baitziren.

Zarraga titularra izan zen eta Unai Vencedorrek ere jokatu zuen bigarren zatian. Gola egiteko aukera garbi bat huts egin zuen azken minutuetan.