Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Etxe Berdea», polizia-txosten bat irakurle detektibeentzat

Ezbehar bat gertatu da herrian eta, Poliziak ondo ikertu ez duelakoan, aguazilak bere kabuz beste ikerketa bat abiatuko du. Testigantzak bildu eta txostena osatuko du. Karpeta hori topatuko du irakurleak eta pieza horiek behar bezala batuz argitu beharko du kasua.

Andoni Agirrezabala alegiarrak bere lehen eleberria du «Etxe berdea».
Andoni Agirrezabala alegiarrak bere lehen eleberria du «Etxe berdea». (Gorka RUBIO | FOKU)

Poliziak ustez bere lana egin du. Ustez, gertaera lazgarri baten bueltan behar bezalako ikerketa abiatu du. Eta itxitzat eman. Herriko aguazila, ordea, ez dago oso konforme egin den txostenarekin eta bere kabuz ikertzeari ekingo dio. Zerk eragin zuen 2005eko urriaren 29an gertatu zena? Nortzuek dute zerikusia? Zenbat daude inplikatuta? Galderak argitze aldera, galderak egiteari ekingo dio.

Andoni Agirrezabalak (Alegia, 1998) Biologia ikasketak burutuak ditu EHUko Leioako campusean, baina idazketaren harrak gogoz kosk eginda, bere lehenengo nobela argitaratu du. “Etxe Berdea” (Erein) nobela ezberdina da, planteamendu apurtzailea du eta irakurleari aktibo izatea eskatzen dio. Izan ere, irakurleak esku artean izango duena ez da izango nobela bat, nobela klasiko bat, baizik herriko aguazilak egindako ikerketaren txostena. Karpeta batean txukun bilduta eta mahaiko kaxoian ondo gordeta zuen guztia aguazilak.

Puzzle bat planteatzen du Agirrezabalak, eta irakurleak pieza guztiak behar bezala enkajatu beharko ditu.

Istorioak zentzua izan behar du, baina irakurleak ebazten duena izango da, zeren lekuko bakoitzak berea kontatuko du, bakoitzak gaizki edo ongi oroituko du 2005eko urriaren 29 hartan gertatutakoa; gezurrak edo egiak esango ditu, eta sinestea ala ez sinestea irakurlearen esku egongo da. Trama ezberdinak daude aldi berean, idazleak denboran atzera ere egiten duelako. «Badago iraganean gertatu zen zerbait 2005ekoa ulertzeko, eta horri ere kasu egin behar zaio», abisatu zuen Uxue Razkin editoreak.

Egunerokoaren misterioak Agirrezabalak, zineman zein literaturan misterioak erakartzen duenez, tramaren ardatzari kutsu hori emateko asmo argia izan zuen hasieratik, eta horren bueltan kokatu ditu zenbait paisaia jakin. Gauza txikien atzean dauden intrigak ere maite ditu: herriko pertsonen izaera bitxiak, oso ondo ulertzen ez diren elkarrizketak eta halakoak. «Gerora konturatzen zara atzean badagoela beste zerbait», esan zuen egileak atzo, Donostian.