Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Tonga

Hainbat sumendik gure kliman eragin handia izan dute; Krakatoak, Pinatubok, Tamborak edo Lakik, esaterako. Horiek goseteak eta klima hotzagoa ekarri zituzten, besteak beste, munduko hainbat txokotan.

Azken hilabete hauetan beste sumendi batek eman du zeresana: Tonga edo Hunga Tonga-Hunga Ha’apai sumendiak. Sumendi hori Ozeano Barean dago, izen bera duen uhartearen ondoan.

Urtarrilaren 15ean erupzioan sartu zen eta, presio- uhin izugarri bat sortzeaz gain, non mundu guztiari lau bira oso eman zizkion, ur lurrun kantitate izugarriak bidali zituen estratosferara. Zehazki esateko, 146.000 milioi litro gehitu zituen atmosferako 50 kilometroan zehar. Horrek eragin zuzena dauka gure kliman: bizitzen ari garen berotze globala areagotu dezake, ur lurrun horretako ur tantek espaziotik datozen eguzki izpiak beren gain hartu eta mantentzeko kapazitatea dutelako. Horrekin, beroa atmosfera barruan mantenduko lukete, eta berotegi efektua areagotu eta lurraren tenperatura igoko litzateke. Hori aski ez, eta horrek ozono geruzari zuzenean eragingo lioke; latitude batzuetan murriztu egingo luke eta eguzki izpiekiko babesa txikitu.

Eragin horiek datozen bost urteetan zehar ikus genitzake, ur lurrun horrek estratosferatik desagertzeko denbora hori behar bailuke.