EDITORIALA

Lula garaile, baina oraindik arnasari eutsita

Arnasari eutsita jaso zuten brasildarren erdiek eta Latinoamerikako eta munduko hainbat milioi lagunek Luiz Inacio Lula da Silvaren garaipena. 2023ko urtarrilaren 1etik Brasilgo presidentea izango da, hirugarren aldiz, PT Langileen Alderdiko liderra, Latinoamerika ia osoa ezkerrera begira jarri duten gobernuekin batera eskuinak eragindako asperduraren erakusgarri. Hala ere, beste herrialde horietako batzuetan ikusten ari den bezala, ez du bide samurrik izango aurrean.

Arlo ekonomikoan ezin okerrago dagoen herrialdea gobernatzea egokituko zaio, eta arlo sozialari dagokionez ezin esan hobeto dagoela. Denentzat gobernatzeko asmoa agertu du Lulak, baina Gobernuaren politiken ardatza behartsuenak izango direla dio, 33 milioi brasildar gosetik eta 100 milioi pobreziatik ateratzea, hain zuzen. Ingurumen krisiari dagokionez, batez ere Amazoniaren deforestazioa geldiarazteko neurriak indarrean jartzea eta lur haien inguruko liskarrei aurre egitea izango ditu erronka; izan ere, Jair Bolsonaroren agintaldian inoiz baino bizkorrago egin du deforestazioak aurrera, eta indigenen hilketek nabarmen gora egin dute. Lularen garaipenaren berri jakin arte arnasari eutsi ziotenek, ordea, arnasari eutsita jarraitzeko motiboa dute oraindik. Hautatutako presidenteak kargua hartu arte Bolsonarok jarraituko du estatuburu, eta, hauteskunde osteko haren isiltasunaz gainera, badira ziurgabetasunari tarte handia uzten dioten hainbat elementu. Bolsonarok indar handia du Parlamentuko bi ganberetan eta eskualdeetan, eta hauteskundeetan izandako irregulartasunak, Lularen aldeko eremuetan bozkatzera joateko oztopoak jartzeko Polizia Federalaren esku-hartzeak, indarreko presidentearen jokabidearen adibide bat baino ez dira.

Lulak lan zaila du aurretik. Dagoeneko erakutsia du negoziatzaile ona dela, eta hala behar du izan, PTk aliantza ugari beharko baititu, bere hautagaitza osatzeko behar izan dituen bezala, baita Bolsonaro boterera iristea erraztu zuen estrategian modu batean edo bestean parte hartu zutenetako batzuekin ere, eta nahiz eta hauteskunde kanpainan Lulari sostengua eman dioten, sostengu hori ez da doakoa izango.