Andrea IBARRA
Entrevue
ERRAMUN MARTIKORENA
Kantaria

«Euskal Herriko kulturaren parte da kantuaren bidez ezagutaraztea»

«Zabaltzen» izenburuz hamalau kantu bildu ditu Erramun Martikorenak, urriaren 14arekin argitaraturiko disko berrian. Diskoa osatzen duten letren eta, oro har, kantugintzaren inguruko hausnarketak Kazeta.eus atariarekin partekatu ditu.

(Marc MITTOUX | KAZETA.EUS)

Aurreko diskoa atera zuenetik hamar urte igaro direnean, Baigorriko artzainak lan berria plazaratu du urriaren 14an. Hendaian eta Baigorrin kontzertuak eginen dituela adierazi du, oraindik datak zehaztuak ez diren arren.

«Banituen testu batzuk eskuetan eta testu horiek ezagutarazteak bultzatu nau diskoa egitera. Gustukoak nituen testu horietatik abiatu eta beste batzuk gehitu ditut», aditzera eman zuen Erramun Martikorenak.

Azaldurikoaren arabera, Jean-Louis Davanten testuak lantzen hasi zen hastapenean, eta hauekin batera “Xuti neska ta mutila” musikatu zuen. Ondotik gehitu zituen maiteen zituen beste zenbait testu, Xalbadorrenak, Xabier Leterenak, baita Mixel Labeguerieren “Bakearen urtxoa” ere.

Emozioa

Diskoa osatzen duten kantak hautatzeko irizpidea testuek kantariari sortzen dioten emozioa da: «Maite ditut, horrela ditut hautatzen. Klasikoak hautatzen ditut maite ditudalako eta zerbait berezia dutela antzematen dudalako».

Izan ere, hamalau kantetatik guziak dira klasikoak. Euskal kulturaren tradizioa biziberritzeko gogo honetaz mintzatu zen kantaria: «Bildu eta musikatzea, kantuaren bidez letra horiek ezagutarazteko urrats bat gehiago egitea da. Kantuaren bidez ezagutaraztea Euskal Herriko kulturaren parte da, eta publiko jakin bat ukitzen da kantuarekin». Berrikuntza ez da bide berrietan murgiltzeko artzainaren sena, Herri Urratserako Zetak talde gaztearekin egin kolaborazioak agerian utzi zuen gisan.

«Esperientzia ona izan nuen Peio Reparazekin. Bere moldera egokitu nintzen, jendeari gustatu zaiona, edo hori entzuten dut bederen» azaldu du Martikorenak.

Elkarlan hau gogoan, baikor agertu da euskal kantugintzako belaunaldi berriei begira, argudiatuz «edozein moldetan» lan egiten jarraitu behar dela eta hau egiteko prest diren gazteak badirela.

Esanahi sakona

Disko berrirako egin kantuen esanahiaren sakontasuna azaldu du Martikorenak.

Maiteenen artean du Xabier Letek 1976an ezagutaraziriko 'Haur andaluz bati sehaska kanta'. «Xabier Leteri entzun nion, haurra zelarik, Andaluziatik familia xume ainitz jiten zirela Euskal Herrian bizia irabaztera, adibidez, burdingintzan. Ongi etorria egiten diet; gu ere, denboran zehar, munduko alde guztietara joan gara herritik. ‘Lankide nahi zinduzket, bide-lagun agian, gaur kabi duzun lur hontan finka zaitezen bihar’... Zinez hunkigarria da, biziki ongi idatzia du elkarbizitzari buruzko sehaska kanta».

Bide beretik, azaldu du Xalbadorrek 1974an publikaturiko ‘Mendian galdu direneri’ hautatu duela esanahiak duen gaurkotasunagatik.

«Frantziarat lanketa zetozen hiru gizon beltzen gorputzak atzeman zituzten Ezpeletako mendietan. Gertakari horrek gogoetak eginarazi zizkidan, eta bertsoak ezarri nituen hortaz», esan zuen garai hartan Xalbadorrek, letra hauen aurkezpen hitzetan.

Larritasun beraz hartu ditu orain Martikorenak: «1973an hiru afrikar hil ziren goseak eta hotzak Ezpeletako mendian eta, maleruski, gaia sekula baino aktualagoa da».

Jules Moulier Oxobiren ‘Ama’ kantuaz den bezainbatean, «aunitz kantatzen zen hemen gure migratzaileak Amerikara joaten ziren denboran, hori aipatzen baitu. Ez nuen behin ere kantatua, eta melodia ezartzea erabaki nuen».

Diskoaren “Zabaltzen” tituluak berak Euskal Herri mailan mugarri historikoa den obra batean du inspirazioa, Joxe Mari Iparragirrek XIX. mendean euskal foruen omenez idatziriko 'Gernikako arbola': «Diskoaren azkeneko kantua ‘Gernikako arbola’ da. ‘Eman eta zabal zazu munduan fruitua’ errana izugarri gustatzen zitzaidan, eta hortik etorri zait zabaltzearen ideia».