Amaia EREÑAGA
BILBO

Gari & Maldanbera: «Gailurreko jaitsiera honetan ondo sentitzen naiz»

Heldutasunaren isla, doinu baten lekukoa, inflexio une baten adierazgarria... guzti hori izan nahi du «Gari & Maldanbera. Zuzenean 2022» (Elkar) diskoak. Ia modu paralaleoan, Hertzainak taldearen agur hirukoitza prestatzen diharduen bitartean -hiru kontzerturekin: BECen abenduaren 16an etan 17an, eta Gasteizen datorren astean iragarriko den data eta egunean- , agian bere lanik pertsonalena kaleratu du Legazpiko musikariak.

Gari eta Miguel Moyano gitarrista, Arriagan.
Gari eta Miguel Moyano gitarrista, Arriagan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Maldanbera taldearen babesaz, Garik lau kontzertuko sorta eskaini zuen ekainean Bilboko Arriagan, Lazkaon, Algortan eta Bergaran, asmo argi batekin: zuzeneko bat grabatu, zuzenekoaren magia islatzeko. Eta hori da atzo Arriaga antzokian bertan aurkeztu zuen “Gari & Maldanbera. Zuzenean 2022” (Elkar). Lan zintzoa, tranparik gabekoa, erraz entzuten den omen da, baina, batez ere, Gariren bakarkako ibilbidearen erakusgarria dela esan daiteke. 27 urte darama bakarkako lanetan; 40 bete dira, era berean, Hertzainak sortu zenetik.

Atzera begirada bat, aurreko lanen bilduma bat... Honek zer esan nahi du, nolabait etapa bat itxi eta beste bati hasiera eman diola? «Normalean horrela izaten da, baina kasu honetan ez da bukaera bat», erantzun zuen Garik. «Kasu honetan zor bat da».

Zor pertsonala agian? «Urteak dira Gasteiztik Bilbora etorri nintzela eta asmoa izan zen, epe luzera begiratuz, sare tekniko eta musikala sortzea, musikari eta artista bezala hazteko. Behar hori nuen. Lehenengo Miguel (Moyano, gitarra) eta biok hasi ginen eta, urteen poderioz, taldea sendotu egin dugu eta landu dugu horrelako sonoritate berezi bat. Musikari bezala lortzen duzunean horrelako egonkortasun bat, bai mentala, bai fisikoa, eta baita artistikoa ere, zor bat sortzen da, eta behar bat ere bai erregistro bat egiteko. Nolabait esaten duzu: ‘Hau ez badugu orain erregistratzen, akaso bihar portu honetatik aterako gara eta egongo gara beste portu baten bila’. Beraz, inportantea zen guretzat talde lan hori erregistratzea. Baina hau ez da amaiera bat, nik uste dut inflexio puntu bat dela. Hemendik ez da hasiko beste Gari berri bat».

Desesperaziotik, argira

Hamabost kantuz osatuta, 1995ean (“Gari” diskoarekin) hasi eta 2018ra arteko (“Beste denbora batean”) ibilbidean barrena sortutako doinuetatik bidaia bizi bat proposatzen zaigu. «Kanten hautaketa egiterakoan, inportantea izan da horrelako erretrospektiba bat egitea, ez bakarrik kanten sonoridadean edo bere hitzetan oinarritua, batez ere kanta horiek idazterakoan nola sentitzen nintzen adierazteko», aipatu zuen. «Hasierako desesperaziotik, heldutasunera eta itxaropenera» doan bidea osatu du musikaren bitartez. Motxila txikia, baina beteta daramana egun bizkarrean, zama handia kenduta: «Gailurrerako jaitsiera honetan ondo sentitzen naiz», aitortu zuen.

Gari artistak eman dituen kanta ederrak daude bertan, batzuek ia ereserkiak bihurtu direnak: «Lehenengo kanta ‘Amets’ da, nire lehenengo bakarkako diskorako idatzi nuen aurreneko kanta, desesperazioarekin idatzitako kanta da». Eta garai ilunetik, argitasunaren bila ‘Desira’, ‘Egunon Mundo’ bezalako kanten bidez. Eta horren ondotik, ‘Esperantzara kondenatua’ bezalako kantak... «nahiz eta orbainak hor izan, orbain horiek distantziatik begiratzen dira», aipatu du.

Hertzainak, «liga handitan»

“Zaharra zara Bilbo” entzun daiteke, era berean, zuzeneko disko honetan. Bilbo eta Arriaga, hiria eta antzokia, bilbotarra bihurtutako gipuzkoar baten maitasunaren lekukoa. «Ni hemen sentitzen naiz etxean», esan zuen Garik. Arriagan piztu zitzaion Hertzainak taldearen itzuleraren gogoa ere. Josu Zabala gaixo zegoen orduan, oso, eta Txagorritxuko onkologia zerbitzuari esker, Josuri aitortza eta agurra egiteko asmoarekin sortu zen asmoa festa erraldoi bat bilakatu da.

«BECen, abenduan, eta aurki Gasteizen iragarriko ditugun kontzertuetan 40.000 edo 50.000 lagun elkartuko ditugu, hiru kontzerturen artean», aipatu zuen. Hertzainak taldearen itzuleran inolako konfiantzarik ez zutenek ez zuten asmatu. Garik, dena den, pixka bat gaindituta dagoela onartu zuen. «Beste liga bat da, proiektua disparate bat da. Ni erosoago sentitzen naiz nire esparru txiki honetan; deskolokatzen nau ‘star’ bat izateak».