Badira tokiak
Bada Norvegian Longyearbyen izeneko leku bat, planetan iparburutik hurbilen den hiria. «Lur hotzak» esan nahi duen Svalbard eskualdean kokatuta dago, eta hiltzea debekatuta dute hango biztanleek. Noski, hil, hil daitezke, eta hiltzen dira, baina hainbestekoa da egiten duen hotza, gorpuak ez baitira deskonposatzen, birusak eta bakterioak areagotuz. Euren hiritik kanpo emigratu behar dute hiltzeko.
Gurean, hiltzea ez, baina duintasunez lurperatua ez izateko baimena ez dago denen esku. Zenbat ote dira bide bazterretan lurperatu eta deskonposatu diren gorpuak. Zenbat ote dira memoria eskubiderik gabe erreketan desagerrarazi nahi izan dituzten gorpuak.
Eta bada toki bat, non edozein gauza erran daitekeen, baimena inpunitate delako. Badelako, baita ere, ezer esan ezin zezakeen leku bat, hedabideak itxi zizkiotelako.
Barrionuevok inpunitate osoz egindako adierazpenen aurrean hainbat dira harridura eta mespretxua erakutsi duten alderdikideak. Horien artean Grande-Marlaska dago. Bitxia da, Barrionuevok egindako memoria ariketaren aurrean, epaile izandakoak bere ibilbide propioarekiko erakusten duen memoria eskasa. Ministroa denean, bere ardura diren gorpuekin ez ikusiarena egin du eta hiltzea debekatuta dagoen lekuak asmatu ditu, dela Melilla, dela Irun.