Manex ALTUNA
ATHLETIC

Iñigo Martinezek Qatarrera joan nahiko luke, eta ez du bere etorkizuna argitu

Talde zuri-gorrian oso pozik dagoela berretsi du. Denboraldi amaiera arte dena emango duela ziurtatu du. Bere ordezkarien esku utzi ditu kontratua berritzeko negoziazioak, eta ez du ezer esan nahi izan Bartzelonara joateko aukeraren inguruan.

Iñigo Martinez, Vila-realen aurka, San Mamesen.
Iñigo Martinez, Vila-realen aurka, San Mamesen. (A. LOIOLA | FOKU)

«Nire etorkizuna ez dago batere argi». Horrela azaldu zuen Iñigo Martinezek Onda Vasca irratian denboraldi honetan bizitzen ari den egoera. Bartzelonak udan fitxatzeko interesa agertu zuen. Proposamen ekonomiko bat helarazi zuela ere zabaldu zen, baina Athleticek ez zuen inoiz baieztatu. Piquek erretiroa hartzeko erabakia iragarri ondoren berriro agertu da bere izena. Zenbait hedabidetan ere ziurtzat ematen da hurrengo denboraldirako akordioa daukala .

Iñigo Martinezek ez zuen ezer argitu. Edo bai, denboraldi amaiera arte kamiseta zuri-gorria defendatuko duela esan zuen, eta gero ikusiko dela. Izan ere, Bartzelonak neguko merkatuan Piqueren ordezko bat fitxatzeko asmoa daukala komentatu zuen Xavi entrenatzaileak. 80 milioi euroko etete klausula dauka erdiko atzelari bizkaitarrak. Ekainaren amaieran bukatzen zaio kontratua, eta zaila dirudi talde kataluniarrak bera fitxatzeko dirua eskaintzea.

AULKIAN

32 urte beteko ditu maiatzean. Athleticen zoriontsua dela esan zuen. Valverdek ez zuen hamaikakoan sartu Valladoliden kontra, eta entrenatzailearen erabakia izan zela komentatu zuen. Ondo dago fisikoki zein mentalki, eta Munduko Kopara joatea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen.

Badaki ez daukala erraz. «Luis Enriqueren eskuetan dago hautua». Ez da Espainiako selekzioaren azken deialdietan joan, bere mailarik onena eman ezinda egon baita denboraldi hasieran.

Pozik agertu zen Athleticek egindako lanarekin ere, Europako postuetan joango direlako etenaldira. Aldi berean, igandean jokatuko duten Kopako kanporaketan, Alziran, ezin dutela hutsik egin azpimarratu zuen.