Amaia EREÑAGA
BILBO

Zinebi: euskal film laburren uzta, askotarikoa eta nazioartekoa

Landa-munduko poesia, emakume langileen lekukotasuna, turismoaren arriskuak, euskararen galera... Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ikusi ahal izango diren euskal film laburrak, istorioetan eta estiloetan, denetarikoak dira; jatorrian, asko nazioartekoak.

Aurkezpenaren irudi bat.
Aurkezpenaren irudi bat. (Oskar MATXIN | FOKU)

Arriaga antzokian emango diote hasiera gaur arratsaldean Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioari. Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko duten irekiera ekitaldian, bi Ohorezko Mikeldi sariak banatuko dituzte: bat, Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniar ospetsuari, “Europa, Europa” (1990), “Washington Square” (1997) eta “In Darkness” (2011), filmen zuzendariari; bigarrena Iñigo Salaberria zinemagile eta bideo-artista gipuzkoar zendu berriaren senideek jasoko dute.

Eta, ondoren, proiekzioen txanda izango da, azaroaren 18ra arte. Arriagako ekitaldiaren ostean proiektatuko dira Sail Ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatuko diren zazpi euskal film laburrak. Lau dokumental eta hiru fikzio lan dira, guztiak desberdinak, belaunaldi desberdinetako egileek filmatutakoak; horietako asko euskaraz; beste batzuk, Elias Querejeta eskolan ikasten ari diren nazioarteko egileek sortutakoak.

Landa-zinemagile bat

Maddi Barber (Lakabe, 1988) nafarraren hamaika minutuko “Alas/Tierra” dokumentala geruzaz beteta dago, irudi poetikoz jantzita. Egile honen ibilbide interesgarrian (“592 metroz goiti”) beste urrats bat da film labur esperimental eder hau. Oihanetik datozen hitzak eta irudiak lotu ditu: egunsentiak, katamotz bat... Filma egiteko, Maria Sanchez albaitari eta idazle andaluziarraren “Esta es la mano que cuida” (Hau da zaintzen duen eskua) poematik abiatu da Maddi Barber.

Lan hau Cristina Hergueta ekoizleak martxan jarritako proiektu batean kokatzen da, “Esto no es una poesía” izenekoan, non gaur egungo poetak eta zinemagileak elkarlanean jartzen dituzten. «Sormen hizketaldi bat sortu nahi dugu eta poesia zinema bihurtu. Proiektuaren lehenengo atala osatu dugu: lau film labur dira, guztiak emakumeek eginak. Maria Sanchez landa-munduko poeta da eta Maddi Barber landa-munduko zinemagilea; bata bestearen ispilu gisa ikusten ditut nik. Hasieran Maddirentzat ez zen erraza suertatu, olerkiak bereganatzea kostatu zitzaion. Euskaratu zituenean, bere mundura ekarri zituen».

Turismoaren salaketa

Groenlandian 1843ko apirilean harrapatutako balea baten hezurdura daraman furgoi bat -Erromako Nazareno ikastetxeko kabineteko piezarik esanguratsuenetako bat- abian jarri da, ikastetxeko eraikina luxuzko hotel bat egiteko saldu ondoren. Hori da Txuspo Poyo artista garaikide ezagunak Erroman filmatutako “Gran Hotel Nazareno” (19 minutu) dokumental laburraren oinarria.

Erromako lehenengo ikastetxe publiko eta doakoaren desagerpena abiapuntu hartuta, turismoaren masifikazioa salatu nahi du Poyok. Espekulazioak zer sor dezakeen irudikatzeko Erromako irudi turistikoak tartekatu ditu, metafora legez, balearen hezurdurarekin eginiko giza kate bukaezin bat osatzen den bitartean.

Maitasuna, gorrotoa

Ainhoa Olaso durangarraren eta Enara Garcia leioaztarraren lehenengo lana da “Hemen bizi da maitasuna” (14 min.) fikziozko laburra. Lan hori zuzenean iritsi da Zinebiren Sail Ofizialera, 2021ean euskarazko film laburren proiektu onenaren Aukera saria eskuratu eta Kimuak banaketa-katalogorako aukeratua izan ondoren.

Matixak 22 urte ditu eta gurasoen etxean bizi da. Bere logela eta egonkortasuna hankaz gora daude. Jasanezina dirudien egoera baten aurrean, bere amarengandik askatzeak askeago bihurtuko duela sinetsita, etxetik alde egitea erabakitzen du. «Etxetik joan aurretik sortzen den ‘dinamita’ irudikatu nahi izan dugu», aipatu zuten atzo egileek. Ama eta alabaren artean bor-bor dagoen talka gogor, gupidarik gabe, islatu dute: «Bata bestearen isla dira, ispilua direlako bata bestearena».

Emakumeen lan isila

Hondatuta dagoen mundu bati eusten diote bi emakumek. Bat Gladys da, etxeko langilea, zaharren zaintzailea. Etxekoak urruti ditu, askatasun falta sumatzen du. Bestea Ima da, itsasoaren aurrean zain, beste itsasontzi batek bere sareak noiz hautsiko. Saregile guztiak bezala, desagertzear dagoen ofizio eta bizimodu baten lekukoa da. Hori da Paula Iglesias -“Solo son peces” filmarekin Zinebiren 61. edizioan estatuko Zinemaren Sari Nagusia irabazi zuen egilea- eta Marta Gomezen “Hondarrak” (15 min.) dokumentalaren abiapuntua. Orion eta Bizkaiko zenbait herritan filmatu dute: «Pandemian, krisi egoera horretan, galdera sortu zitzaigun: eta mundu honen hondakinei nork eutsiko die?», aipatu zuen Iglesiasek.

Euskal hitzen kaxa

“Hitzak” (13 min.) Josu Martinez zinemagile bizkaitarraren fikzioko lana da. “Itsasoaren alaba” (2009) bezalako lan dokumentaletik urrundu egin da Bizkarsoro izeneko Nafarroa Behereko fikziozko herrira itzultzeko. Martinezek 1966ra eramaten gaitu, eta baso batean lurperatutako paper zatiak aurkitzen dituzten lau gazteren bizitzara. Horietan, 21 urteko Michelle gazteak ulertzen ez dituen hitz batzuk ageri dira, bere familiak aspaldi utzi baitzion euskara erabiltzeari.

Elias Querejeta Eskolaren uzta

Donostiako Tabakaleran egoitza duen eskolan sortuak dira lehian daude bi lan, hor egonaldia egin duten nazioarteko zuzendariek eginak. Maria Inês Gonçalves portugaldarrak “The Bath (O banho)” film laburrean (9 min.) haurtzarora eramaten gaitu urarekin jolasten diren irudi onirikoen bidez. Karla Crnčević kroaziarrak, berriz, aitak Radovčićin, Kroaziako kostaldearen hegoaldean, egun bakarrean grabatu zituen kalitate txarreko irudiak izan ditu oinarri “Wild Flowers (Divlje Cvijeći)” (13 min.) dokumentala osatzeko. 30 urte geroago, material hori digitalizatzeko eskatu zion Karlari, eta zuzendariak aita bultzatzen zuten arrazoiak zeintzuk ziren ikertzen du.