GARA
ATLETISMOA

Hego haizeak exijentzia maila gehituko dio normaltasuneko lasterketari

Pandemia aurreko parte-hartzaile kopuruetara itzuliko da Behobia-Donostia lasterketa 57. edizioan; horietatik ia %39 emakumeak. Ohitzeko eta berotan entrenatzeko aukera izan bada ere, tenperatura altuak kezka iturri dira antolatzaileentzat.

Juan Carlos Unzue izan zen atzoko aurkezpeneko protagonista nagusia.
Juan Carlos Unzue izan zen atzoko aurkezpeneko protagonista nagusia. (Jon URBE | FOKU)

«Zailak izan diren bi urteren ondoren -pandemiak erabat baldintzatu ditu azken edizioak-, normaltasunezko lasterketa bat bizi ahal izango dugu eta horrekin geratzen gara. Itzuli gara lehengo kopuruetara, zazpigarren aldiz 30.000 izen emateetara itzuli gara eta berreskuratu ditugu zerbitzu batzuk azken urteetan eman ezin izan ditugunak», azaldu zuen atzo, pozik, Iñigo Etxeberria Behobia-Donostiaren antolatzaileak, bihar lehiatuko den lasterketaren 57. edizioaren inguruan. Normaltasunera itzulitako Behobia dei geniezaioke, beraz, igande goizean jokatuko den lasterketari, baldin eta biharko eguraldi aurreikuspenak normalak izango balira.

San Martin inguru honetan giroak hobealdi bat izatea ez da horren ezohikoa; biharko espero diren 20 gradu inguruko tenperaturak eta iragarrita dagoen hego haizeak gutxiago du normaletik eta exijentzia maila handituko dio, berez, atletismoaren festa izan behar lukeenari. Hortaz, baldintza hauetan gerta daitezkeen «bero kolpeak» ekiditea izango da antolatzaileen lehentasunetako bat. Euren markarik onenak hobetzeko gorputza muturreraino estutzen duten kirolariek pairatu ohi dituzte halakoetan ondorio larrienak, eta «erritmoa eta pultsua kontrolatzeko eta ondo hidratatzeko» eskatu diete antolatzaileek Behobiako irteeran izango diren korrikalariei. Horretarako, ibilbidean zehar zazpi anoa postu egongo dira eta horietako bitan, uraz gain, edari isotonikoak, platanoak eta gozokiak izango dira. 15. kilometroan, gainera, dutxak egongo dira gorputza freskatu nahi dutenentzat.

EMAKUME KOPURUAK GORA

Fortuna Kirol Elkarteak bere buruari jarritako erronkak, 2025erako parte hartzaileen erdiak emakumeak izateko erronkak, ezinezkoa dirudi, baina aurtengo edizioak inoiz baino emakume korrikalari gehiago izango ditu. Azken parte hartze datuen arabera, 29.732 parte-hartzailetatik 8.566 izango dira emakumezkoak, hau da, %28,81, iaz baino hiru puntu inguru gehiago.

Hala ere, hobekuntza bistakoa da, duela hogei urte 1.078 izan baitziren Behobian abiatu ziren emakumeak, 2012an 4.557 eta aurten ia bikoiztu egin da zenbaki hori. 2014an gainditu zen aurreneko aldiz %20ko portzentajea eta orain ia %30era heltzen da.

Parte hartzeari dagokionez ere, nabarmentzekoa da aurtengoan Herrialde Katalanetatik etorriko den korrikalari kopuruak gainditu egingo duela gipuzkoar parte hartzaile kopurua lehen aldiz.

HELBURU SOLIDARIOA

Bestelako berrikuntzarik ere izango du aurtengo ekitaldiak, helburu solidario bat ere izango baitu; esaterako, alboko esklerosi amiotrofiko gaitzak jotako gaixoentzat dirua bildu eta horien egoera bistaratzen lagunduko dute lasterketan parte hartzen dutenek.

Gaixotasun hori duen Juan Carlos Unzue futbolari ohia gaixo horien ahotsa izan zen atzoko aurkezpen ofizialean eta, bere kasua azaltzeaz gain, egoera terminalean dauden gaixo askok euren ingurukoentzat zama ekonomiko bat ez izatearren amore ematen dutela jakiteak bihotza apurtu ziola azaldu zuen.

Egoera horri aurre egiten daramatza azken hilabeteak eta Behobia-Donostia honetako parte hartzaileek 14.000 euroko ekarpena egin dute, gizarte osoari irekita dagoen ekimen batean.