GARA
KHERSON

Khersonen bere bandera jaso duela iragarri du Ukrainak

Ukrainako Armadak iragarri zuen bandera hori eta urdina altxatu dutela bere aldekoek Khersoneko plaza nagusian. Errusiak amaitutzat jo du Dnieper ibaiaren bestalderako erretiratzea.

Ukrainar talde bat, Khersonen hartzea ospatzen, Kieven.
Ukrainar talde bat, Khersonen hartzea ospatzen, Kieven. (G. SAVILOV | AFP)

Kherson hiriko plaza nagusira itzuli da Ukrainako bandera, Armadak ziurtatu duenez. «Gure partisanoek ikurra igo dute», iragarri zuen Telegram bitartez.

Gaineratu zuen ekitaldia Askatasunaren Plazan izan zela, gobernu-eraikinak hartzen dituen plazan, eta herritarrak bertara inguratu zirela, banderaren igoera ospatzeko eta argazkiak ateratzeko. Aurretik, Errusiako Armadak amaitutzat eman zuen hiria uzteko operatiboa eta «unitate errusiarrak Dnieperren beste ibaiertzerako lekualdatzea». Defentsa Ministerioko eledun Igor Konashenkov jeneralak, «pieza militar bat bera ere atzean utzi gabe» egin dutela gaineratu zuen.

Joan den irailean, Errusiako Armadak arrapaladan ihes egin zuen Kharkoveko eskualdetik, tankeak eta ibilgailu militarrak bertan utzita. Erretiratzean bajarik ez zutela izan ziurtatu zuen jeneralak, «nahiz eta ukrainarrek Himars misilekin eraso egin». Konashenkovek eman zituen datuen arabera, Khersoneko 115.000 biztanle ebakuatu dituzte azken asteetan eta 80.000-100.000 bertan geratu dira.

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek ez zuen atzera-egitearen inguruko azalpenik eman nahi izan, eta galderak Defentsa ministroari zuzentzeko eskatu zien kazetariei. Khersoneko eskualdearen estatusari buruz inolako aldaketarik ez dagoela ziurtatu zuen, Errusiak hiriburua galdu badu ere. «Errusiako Federazioaren entitate bat da, horrela dago legean eta ezin da aldatu», amaitu zuen. Aurreko gauean misil errusiar batek sei biztanle hil zituen Mikolaieven, Khersonetik gertu. «Horrela erantzuten dute gure garaipenen aurrean», esan zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak.