Esti EZKERRA
Literatura kritikaria

Odolaz

Odol purutasunaren aldeko aldarriak ez dira berriak eta, tamalez, ez dirudi desagertzeko bidean direnik. Hala ere, ezin dut nire harridura ezkutatu haiekin topo egiten dudanean gutxiengoen (ustezko) defentsa moduan aurkezten direnean. Gogora etortzen zait lankide bati behin gertaturikoa: ikasle batek galdetu zion erabat judua ote zen, bere abizenetatik ezin zuelako horren trazarik antzeman. Lankidea, jakina, sutu egin zen eta baietz lehor batekin bukatutzat eman zuen solasaldia. Geroago aitortu zidan judu ortodoxoek gutxiagotasun konplexua sortzen ziotela. Gurasoak poloniarrak zituen, Kanadara immigratuak. Aita judua zuen, ama kristaua. Ikuspuntu ortodoxo batetik ez litzateke erabat judu izango amarengandik bakarrik jaso daitekeelako judutasuna. Poloniara bisitan joaten zenean, aldiz, juduegia irizten zioten (kasu horretan ere odola zen arazoa) eta hamaika arazo izaten zituen hango burokraziarekin. Judaismo ortodoxoa ez da nortasun etnikoaren transmisioa ama-lerrokoa bakarrik dela defendatzen bakarra. Odol-genealogiaren aldekoek horrela egiten dute, judaismo ortodoxoa bezain esplizituak izan ala ez. Odol-genealogiak, bide batez esanda, filiazioa sustatzen duen aldetik, heteroarauak indartu egiten ditu eta afiliazioa edo odolaz gaindiko bestelako kidetza ereduak, berriz, baztertu. Ondokoa egiten zait deigarri: odolaren ikuspuntutik ama-lerroari hainbesteko garrantzia emanagatik ere, abizenen kasuan aita-lerroak du lehentasuna.