Amaia U. LASAGABASTER
Entrevue
GARBIÑE ETXEBERRIa
Realeko Kirol Zuzendaria

«Eguneroko lanari eman behar diogu garrantzia»

Hankak lurrean edukita, iazkoa errepikatzea oso zaila izango dela onartzen duen arren, Garbiñe Etxeberriak beste denboraldi historikoa bizitzeko ilusioa dauka. Baita larunbatean Athleticek eta Realak San Mamesen jokatuko duten derbia irabaztekoa ere, azken urteotako aldaketari jarraitutasuna emanez.

Denboraldi hasiera zail samarra izan du Realak. Uda lanpetua jokalari askorentzat, Txapeldunen Ligaren ajea, iaz lortutakoarekin alderaketak egiteko presioa... Horren guztiaren eragina nabaritzen ari da taldea, Garbiñe Etxeberriaren esanetan. «Jokoan erraztasuna falta zaigu oraindik», baina donostiarren kirol zuzendariak konfiantza dauka taldearen lanarekin. Baita larunbateko derbira begira ere.

Uda eta udazken zailak izan dira arlo guztietan. Taldearen egituraketan eta prestaketa fisikoan udako txapelketengatik eta Championsagatik, eta, buruari dagokionez, taldea iaz jarritako listoiak sor dezaken presioarengatik.

Ez da batere erraza izan. Ez gure lana, ez eta jokalarientzat ere, batzuek asko jokatu dutelako udan; eta beste batzuek izan dituzten disgustuak kontuan hartuta... Horrek eragina du taldean. Denok begirada eta helburu berekin aritu behar izan dugu, kostatzen ari da, eta seguruenik jokoan faltan botatzen ari garen erraztasuna hortik dator. Baina lana ondo egiten ari gara. Hori da garrantzitsuena.

Iaz egindakoarekin etengabeko konparazioak ez du asko lagunduko.

Konparatu baino, egunerokoari eman behar diogu garrantzia. Eta lasai egon behar dugu egiten dugun lanarekin. Eguneroko lana ona da, inbertsio handia dago, ahalegin handia egiten dute, jende gazteari bere lekua ematen ari gara, kanpoko jendeari egokitzapen ona ematen, etxekoei beren tokia aurkitzen laguntzen...

Ez da seinale txarra, hala ere; zuek jarri duzue listoia.

Iazkoa izugarria izan zen, historikoa, balore handikoa; eta borrokatu behar dugu berdina lortzeko. Baina ez da erraza, hau ez da matematika. Kirolean faktore asko daude.

Errepikatzea da helburua? Edo errepikatzen saiatzea?

Jokalariek askotan esaten dute errepikatu nahi dutela eta, ahal bada, hobetu. Nik uste dut talde onenen artean eustea dela, bukaerara arte estu mantentzea goiko postuetan; eta, ahal bada, berriro ere Txapeldunen Ligarako sailkatu. Oinak lurrean ditugu: badakigu oso zaila izango dela, aurkariak asko hobetu direlako. Baina helburua berriro goian egotea da.

Horretarako puntu asko behar dira. Hurrengo hirurak Bilbon jokatuko dituzue. Derbia, San Mames... zer pizten dizu hori entzuteak?

Partida handi bat bizitzeko ilusioa. Horrela izan dira beti derbiak. Eta orain eszenatokiak aldatu direnez, are handiagoak. Oso polita. Derbiak beti izaten diren bezala eta giro onean jokatuko dela iruditzen zait. Gainera, talde biak ondo iristen garela iruditzen zait.

Ez dira bakarrik eszenatokiak aldatu. Urte askotan puntuak lortu bakarrik ez eta lehiatzea ere kostatzen zitzaion Realari derbietan. Egungo egoera oso desberdina da.

Egia da, nahiko deseroso sentitzen ginen. Baina gure ibilbide honetan asko hazi gara, eta aldatzen joan da. Guk bakarrik ez, zaleek ere eskertzen dutela uste dut, gaur egun partida politagoak direlako, joko parekatuagoa, emozio gehiago... Erakargarriagoak dira.

Aldaketa ez da derbietara mugatzen. Azken urteotan Realaren errendimendua nabarmen hobea izaten ari da. Zuen meritua ala Athleticen ahultzea?

Gu asko hazi gara, beraiek jokalariak galdu dituzte eta sorta berri bat ateratzea kostatzen da... Bere prozesuan dago, eta gu gurean: hazi eta hazi eta hazi, gure errekurtsoekin, baldintzekin eta lanarekin.

Hori A8ko trafikoan nabaritzen da. Aurten bi jokalari gazte Zubietatik Lezamara joan dira.

Lehen ere bageneukan, baina gure tokia sendotu dugu, gure nortasuna. Eta A8ko ordainsaria garestiagoa da. Jokalariek badakite zer daukaten alde batean eta bestean, eta asko aztertzen dituzte proiektuak, egoera, ibilbidea, etorkizuna... erabaki bat hartu aurretik. Errespetu handiz, bakoitzak berea erabakitzen du.