Xole ARAMENDI
AZPEITIA

Familia ereduei buruzko «sitcom» poetikoa ondu du Metrokoadrokak

«Zeozertan dabil baina ez dakit zertan» da Metrokoadroka Sormen Laborategiaren proposamen berria. Bihar ikusiko du argia. Agertoki berezian izango da, Azpeitiko Euskarazko Antzerki Topaketetan. «Sormen prozesuaren zati bat Azpeitian egin dugu. Eta topaketak hitzordu garrantzitsua dira. Ez dago horrelako erakusleihorik Euskal Herri osoan. Inportantea da bertan egotea, denon presentziarekin indartzeko», esan du Oier Guillanek.

«Zeozertan dabil baina ez dakit zertan» antzezlanaren eszena bat.
«Zeozertan dabil baina ez dakit zertan» antzezlanaren eszena bat. (Mendi URRUZUNO)

“Zeozertan dabil baina ez dakit zertan” lana bihar eskainiko du estreinakoz Metrokoadroka Sormen Laborategiak Azpeitiko Euskarazko Antzerki Topaketetan. Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran ikusiko ditugu eszenan. Marina Suarez eta Oier Guillan aritu dira zuzendaritza artistikoan. Ozaetako Garaion Sorgingunean, Azpeitian -Dinamoan eta Soreasun- eta Errenteriako Lekuona Fabrikan egindako egonaldietan ondu dute lana.

Taldekideei gertatutako anekdota bati helduta jarri diote izenburua. «Behin programatzaile baten e-maila jaso genuen ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ antzezlanaren cachet-a eta behar teknikoen gainean galdetuz. Zur eta lur geratu ginen, obra hori ez zen existitzen. Gero konturatu ginen gaizki-ulertua zegoela oinarrian. ‘Metrokoadroka zertan dabil?’, galdetuko zion programatzaile batek besteari eta batek ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ erantzun eta bigarrenak izenburua zela pentsatu», kontatu du.

Deskonexioa. «Gaizki-ulertua oso esanguratsua izan zen. Eragileak, programatzaileak, sortzaileak... zein deskonektatuta gauden isla dezake. Zenbateko elkar ezagutza eta komunikazio falta dagoen. Eta sentsazioa areagotu egin zitzaigun etxealdian. Maila sozial zein pertsonalean oso nabarmena egin zitzaigun».

Familia. Ideia horri tiraka hasi ziren lanean eta ohikoa duten moduan bidean joan dira lana sortzen. «Obra zer den sorkuntza prozesuan bertan ikusten dugu, aktoreekin lanean hasten garenean. Zuzendaritzatik saiatzen gara irakurtzen aktoreen gorputzetan zer gertatzen den eta horrek zer esan nahi duen. Lanketa horren gainean deskubritu genuen ardatz berria, protagonismo osoa hartu zuena: familia. Pandemiako deskonexioarekin lotzen zen. Itxialdian jende askori pasa zitzaion galdera burutik: zer da familia unitatea? Pisukideak familia dira? Nork zaintzen du nor? Bat-batean oso modu gordinean geratu zen agerian familiaren eredu klasikoak, baita muturreko egoeran ere, duen pisua. Markatzen zuen itxialdiaren muga, momentu askotan», egin du hausnarketa.

Bere esanetan, familiaren gaia ezbaian jarri bai, baina beste kontu batzuekin gertatzen dena ez da gertatzen. «Ez da desegituratzen. Zaila da deskorapilatzen, desegituratzen, berregituratzen. Nahiz iruditu beti hor egon den gaia dela, ertz askotatik landu gabeko gaia izaten jarraitzen du. Denok dugu familia gertuegi, tabu izateraino batzuetan; oso interesgarria izan da gai horretan murgiltzea».

Umorearen bidea hartu zuten. «Sitcom-aren iruditeria aukeratu genuen obra honetan lantzeko. Metrokoadrokak ezaugarri dituen poesia bisuala eta umore absurdoarekin lotuta dago. Protagonistak familia edo lagunak izan ohi dira. Familia eta elkarbizitza zer den sakonago arakatzeko bidea ematen zigun, dibertigarria izan zitekeena. Bizipen bat umoretik lantzeak esan nahi du prest zaudela horretaz hitz egiteko. Tramari oso errotua zaudenean, aldiz, gerta daiteke oso lotua egotea doluari edo minari eta umoreak eta ironiak ahalbidetzen dizu distantzia hartzea, zeure buruaz barre egitea eta enpatia sentitzea, bai zure minarekin, bai besteen minarekiko. Umoretik lantzen duzunean gai potente bat segur aski indartsu zaude eta dramatik egiten duzunean ez beti. Eta horrek ez dio kentzen seriotasunik gaiari. Gure ustez, edozein gai landu daiteke umoretik», azaldu du zuzendariak.

Ikusleak eszenako gertaerak gertuko senti ditzan saiatu dira. «Umoretik hitz egiten duzunean aktorearen eta ikuslearen arteko lotura beste modu batean sortzen da. Telebistako komedia hain barneratua daukagu barre eta txalo enlatatuak entzutean errekonozitu egiten dugula kodea. Berehala funtzionatzen du eta oso jostagarria da guretzat hori desegituratzea».

Publikoarekin partekatu dute biharko saioaren aurretik eta «jendeak oso ondo pasatzen du eta gaiaren sakontasuna iristen zaio. Oso pozik gaude», adierazi du Guillanek.