Urtzi URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

Kartzelan 47 urte bete dituen Leonard Peltier askatzeko oihua

Ameriketako Estatu Batuetako indigenen mugimenduak Washingtoneraino eraman du Leonard Peltier, ia 47 urte espetxean daramatzan presoa, askatzeko eskaera. Bi hilabete eta erdi iraun duen martxaren helmuga izan da herrialdeko hiriburua; joan den asteburuan iritsi ostean, asteon Etxe Zuriaren aurrean agerraldia egin dute jatorrizko hainbat herritako ekintzaileek.

Etxe Zuriaren pareraino iritsi zen Leonald Peltier askatzeko protesta.
Etxe Zuriaren pareraino iritsi zen Leonald Peltier askatzeko protesta. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Irailaren 1ean Minneapolis hirian abiatu zen martxa azaroan iritsi da Washington hiriburura, 1.700 kilometro baino gehiago eginda. Ehunka ekintzaile indigenak parte hartu dute bi hilabete eta erdiz, eta igandean harrera beroa egin zieten herrialdeko hiriburuan, azken egunotan kalean tenperaturek nabarmen behera egin duten arren.

Hala, National Mall-en elkartuta, Kongresuraino joan eta handik azken milia egin zuten militante indigenek, irrintzi eta oihuen artean, «zure jendea zure bila dator, Leonard» aldarrikatzen zutela.

AIMren (Indiar Amerikarren Mugimendua) bandera astindu dute egunotan militante indigenek Washingtongo lekurik esanguratsuenetan, Kongresuan hasi eta Etxe Zuriaren pareraino eramanda protesta. Leonard Peltier AIMeko kidea da 70eko hamarkadatik; euren ekimenez okupatu zuten 1973an Wounded Knee, XIX. mendean AEBetako armadaren azken sarraskiaren gunea izan zen leku bera.

Bi urte beranduago, FBIko agenteak hil zituzten Pine Ridge erreserban operazio polizial batean zihardutela hasitako tiroketan. Leonard Peltierrek behin eta berriz esan du errugabea dela. Bertan zegoen tiroketa gertatu zenean, beste hainbat lagun bezala, baina ez zuela tirorik egin errepikatzen du gaur egun ere.

Nazioarteko eta AEB barruko ahots esanguratsuek eskatu dute Peltier libre uzteko. Haren aurkako epaiketan izandako irregulartasunak agerian geratu dira urteotan guztiotan, eta 78 urteko preso politikoak osasun arazo larriak ditu, diabetesa dauka eta covida pasatu du.

«Ez naiz erruduna. Etxera joan nahi dut», esan zion Leonard Peltierrek Jennifer Bendery kazetariari maiatzean egindako elkarrizketa batean.

Benderyk argi dauka zergatik dagoen oraindik preso: FBIk ez du libre geratzerik nahi. Ez da bere iritzia, FBIk berak erreportariari esandakoa baizik.

Zehazki, Benderyk indultuez arduratzen den bulego federalera idatzi zuen Peltierren kasuaz galdezka, baina polizia federala izan zen erantzun ziona: «FBIk irmo jarraitzen du Leonard Peltierren zigorra barkatzearen aurka. Ez dugu ahaztu edo bazterrean utzi behar Peltierrek berariaz eta erruki gabe hil zituela FBIko bi agente gazte eta sekula ez duela damurik erakutsi».

1980rako agerian geratu zen FBIk berariaz ezkutatu zituela agenteak Peltierren armarekin hil zituztela gezurtatzen zuten froga balistikoak.

Fiskaltzak berak orduan akusazioa aldatu zuen, hilketan lagundu izana egotzita.

Indigenekiko sentsibilitatea

«Estimatzen dut egiten ari zarena gure naziotasuna, gure subiranotasuna itzultzeko. Esker onekoa naiz, nire bizi guztian horren alde egin baitut borroka», bidali zion Peltierrek mezua Joe Bideni berriki espetxetik.

Azken hilotan ugaritu egin dira preso indigena aske uztearen aldeko ekimenak. Peltierren alde sinatu duten kongresista eta senatarien arteko bat, esaterako, Gobernuan sartu zuen presidenteak, Deb Haaland indigena, hain zuzen.

Aurtengo otsailean, artean Joe Bidenen bozeramaile zen Jan Psakik kazetari bati erantzun zion gaiaren jakitun zela presidentea. Ez zuen gehiago garatu erantzuna, baina agerian uzten du Etxe Zurian dagoela Peltierri buruzko karpeta. Besterik da presidenteak barka-eskea sinatzeko asmorik duen.

«Leonard Peltier AEBetan luzaroen espetxeratutako preso politikoa da. Obamak aukera izan zuen askatzeko, baina koldar hutsa izan zen», salatu zuen Nick Estes idazle eta unibertsitate irakasle lakotak martxaren amaierako ekitaldian.

Izan ere, 2017ko agintaldiaren amaieran, Donald Trumpek presidente kargua hartu aurreko egunetan, hainbat presoren barkamen-agindua sinatu zuen Barack Obamak, eta Chelsea Manning WikiLeaks-eko iturri izan zen militar ohia eta Oscar Lopez Puerto Ricoko militante independentista espetxetik irten ziren.

Leonard Peltierren fitxa ere mahai gainean izan zuen Obamak, baina uko egin zion.

Orain, berdin ez gertatzea espero dute Washingtonerainoko martxa egin dutenek, eta Joe Bidenek behingoan aske uztea Peltier.

«Espero dugu presidenteak ekintza humanitarioa hautatzea eta barkamen exekutiboa sinatzea Peltier gure agurearekiko begirunez. 47 urte indigena errugabe bat espetxean, onartezina eta arrazista da!», esan du Jean Roach militante historikoak.

1975eko ekainaren 26ko tiroketaren lekuko izan zen, 14 urte zituela Pine Ridgen AIMk zeukan kanpamentuan baitzegoen.

Mugimendu zabala

Urteotan Peltierren askatasuna eskatzeko 250.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta nazioartean eskaerarekin bat egin dute Bakearen Nobel saridun ugarik (Nelson Mandela, Rigoberta Menchu eta Desmond Tutuk, esaterako), Europako, Belgikako zein Italiako parlamentuek, baita Frantzisko aita santuak ere.

Baina atxikimendu eraginkorrenak ziur aski Estatu Batuetan bertan bildu dituztenak dira. Peltier bera espetxeratu zutenek ere eskatu dute libre uzteko, izan ere. James Reynolds fiskal ohiak, esaterako, Peltierren akusazioan parte hartu zuen, baina aski dela uste du. «Une honetan justizia Leonardekiko errukia izatea da», esan zuen Reynoldsek Peltierren aldeko martxaren amaieran.

«Leonardek egin zuena egin bazuen, ez zen 30 urte beranduago oraindik espetxean egongo. Eta hori duela 10 urte esan nuen», gaineratu zuen.

Obamari eta Trumpi idatzi zien Reynoldsek, eta orain berdin egin du Bidenekin, Peltier libre uzteko garaia dela azpimarratuz: «Fiskal batentzat arraroa den posiziotik idazten dizut: giltzaperatzen lagundu nuen gizon baten zigorra barka dezazula eskatzeko… ez ginen gai izan frogatzeko Peltierrek pertsonalki inolako krimenik egin zuenik».

Era berean, egunotan AEBetako Gobernuaren Justizia sailean izandako bileretan parte hartu du fiskal ohiak, baita kongresuko ordezkariekin egindako batzarretan ere.

Reynoldsekin izan da Kevin Sharp Tennesseeko epaile federal ohi eta egun Peltierren defentsaz arduratzen den abokatua ere.

Mugimendu indigenatik beti urrun egonik, gaiari beharrezko distantziatik heldu ziola dio: «Kasua hartu eta ikusi nuen urraketa konstituzionalak gertatu zirela zigorra lortzeko, nabarmenak eta argiak dira. Baina ez nuen ulertzen zergatia. Hiru urte eta erdi daramat hori argitu nahian, eta oraindik tipulari azalak kentzen jarraitzen dut. Baina ulertuz noa. Leonardentzako barkamena ez da berari buruz. Berarentzat bai, noski, sekula ez zukeen barruan egon behar, kanpoan behar du. Baina gu guztiontzat ere garrantzitsua da, gure eta bidegabekeriaren artean baitago kasua».

Joe Biden presidenteak behingoan barkamena sinatu behar duela azpimarratu du, gogoraraziz auzia ez dela 1975eko hamar minutuko tiroketara mugatzen, horraino iritsi aurretik izan ziren ehunka urteetako historia ere aintzat hartu behar baita.

«Ez dakit nor den Leonard Peltier, baina badakit nire aita dela», esan zuen bere alaba Kathy Peltierrek, aitaren aldeko martxaren amaierako azken milia egitean Rachel Thunder gaztearekin batera.

Aitari buruzko informazio gehiena liburu eta egunkarietan ezagutu zuela gogorarazi zuen, etxetik 2.000 kilometro baino gehiagora baitago preso, Floridan.

Presoaren alabak ezin izan zien malkoei eutsi gogora ekartzean zelan hil zen bere neba Wahanca bihotzekoak jota 2016an, antzeko martxa bat antolatu zutenean.

Ekitaldia amaitzeko, espetxetik Peltierrek bidalitako gutuna irakurri zuten: «Hitzak falta ditudala nago, esker oneko sentimenduz, nitaz kezkatzen zaretelako. Ezin aski esan zenbat estimatzen dudan nire egoerari buruzko arreta ekartzeko zuen denbora emateagatik. Maite zaituztet, zuen ahalegina ez delako niretzat soilik, gure etorkizuneko belaunaldientzat baizik, baita gure lurra, haurrak, baliabideak eta, funtsean, gure umeentzako etorkizun osasuntsu bat kentzen diguten zapaltzaile eta esplotatzaileen aurrean altxatzen den edozein gizon-emakumerentzat ere».