GARA
ARRAUNA

KAE eta ETE Ligek atea zabalik transgeneroei

ETE Ligak transgeneroak onartu ditu.
ETE Ligak transgeneroak onartu ditu. (Endika PORTILLO | FOKU)

Kirolari transgeneroek datorren urtetik aurrera arraun txapelketetan parte hartu ahal izateko araudia onartu dute Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) eta Emakumeen Traineruen Elkarteak (ETE), Eitb.eus webguneak atzo bertan aditzera eman zuenez.

Halatan, talde bateko arraunlaria den edozeinek generoa aldatu baldin badu, une horretan indarrean dagoen Nazioarteko Arraun Federazioaren arautegia aplikatuko diola onartu du Kantauriko Arraun Elkarteak.

Araudi berri hori berehala jarriko da martxan. Datorren urtearen hasierarekin batera, 2023ko urtarrilaren 1ean aplikatzen hasiko da, Kantauriko Arraun Elkarteak eta Emakumeen Traineruen Elkarteak atzoko egunez, azaroaren 26an alegia, adostu ondoren.

Horren arabera, arraunlari transgeneroek gizonezkoen KAE Ligan parte hartzeko aukera izango dute, baldin eta nortasun agirian zehaztutako sexua emakumezkoa ez bada. Era berean, arraunlariek emakumezkoen ETE Ligan lehiatzeko aukera izango dute, betiere haien nortasun agirian zehazten den sexua emakumezkoarena baldin bada.

TESTOSTERONAREN FROGA

Alabaina, kirolariaren jaiotzeko sexua emakumezkoa ez bada, eta genero aldaketa egin duten balizko kasuei dagokienez, ETE Ligak arraunlari horiek lehiaketan izena emateko eta parte hartzea onartzeko baldintza gisa, testosterona maila jakin baten barruan mantentzen direla egiaztatu beharko dute.

Zehazki, 5 nmol/L-tik beherako testosterona tasa frogatu beharko dute aurreko hamabi hilabeteetan. Horrez gainera, bete egin beharko ditu, Nazioarteko Arraun Federazioaren arautegian oinarrituta, KAEren Lehiaketa Batzordeak exijitzen dituen baldintzak.

Bestalde, gai honen inguruan izan daitezkeen zalantza guztiak argitzeko eta erabakiak hartzeko garaian, KAEk beregain edukiko du adituei txostenak eskatzeko eskumena.