Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Nazioarteko eskalatzaileen harrobia oso gogor estutzen ari da

Azken boladan, lau haur eta nerabe protagonistak izan dira: Andrea Chelleris, Erwan Legrand, Theo Blass eta Pepa Sindel. Bistan zein landutako bideetan goi mailako jarduerak sinatu dituzte.

Adam Ondra, Seb Bouin, Alex Megos, Will Bosi… Izen horiek entzuten ditugunean burura etortzen zaigun lehen irudia muturreko zailtasuna da. Ondrak eta Bouinek jakin badakite zer den 9c mailako proposamen bat eskalatzea; hots, kirol eskaladan dagoen zailtasun gorena. Beste protagonistek, berriz, erabat sendotuta dauden 9b+ mailako bideak kateatu dituzte.

Guztiak ala guztiak gazteak dira, baina dagoeneko ibilbide oso oparoa egiten ari dira. Beste era batera esanda, eskarmentu handiko eskalatzaile horiek lehen lerroan daude, eta denbora eta sasoia dituzte beste urrats bat egiteko.

Atzetik oso indartsu tiraka harrobia dugu. Haurrak eta nerabeak dira oraindik, baina batzuek erakutsi dute kirol eskaladako berrietan leku berezia dutela. Dagoeneko, egiten dituzten igoerek ez gaituzte harritzen. Jakina, aipatu ditugun lehen lerroko protagonista nagusi horietatik urrun daude, baina haur eta nerabe horiek egiten ari diren eskaladak ezin dira gutxietsi.

Andrea Chelleris, Erwan Legrand, Pepa Sindel eta Theo Blass dira adibide batzuk. Eta hain zuzen ere, azken asteotan sinatutako igoerak horren guztiaren isla dira. Chelleris, adibidez, gai izan da 13 urterekin “Pure dreaming plus” bidea (9a/+Arco) kateatzeko. Adin horrekin maila hori erdiestea apartekoa da, eta ohore hori Ashima Shiraishirekin partekatzen du. Duela zazpi urte, estatubatuarrak “Cuidad de Dios” (Santa Linya) sinatu zuen.

Italiarrak etorkizun oparoa duela inork ez du ukatzen. Harritzen gaituena da bi urtean 8b+ mailatik 9a/+ zailtasunera igaro dela. Bederatzigarren esferan joan den abuztuan sartu zen, “San ku kai” (Entraygues) igo eta gero. Orain, berriz, “Pure dreaming plus” da urrats berri bat egitera eraman duena. Marra horren lehen igoera Ondrarena da. 2018. urtean kateatu zuen. Hasieran 9a+ proposatu zuen, baina, ondoren, egokiago iruditu zitzaion 9a mailan uztea. Batez ere, eskalada horretarako belaun-babesa erabiltzen bada.

Bigarren protagonista Erwan Legrand dugu. Abizen hori eskalatzaile beteranoen artean oso ezaguna da: izan ere, haren aita, François, eskaladako nazioarteko lehia ofizialetan legenda bat izan zen. 90eko hamarkadan, Munduko Kopa lautan eta Munduko Txapelketa hirutan irabazi zituen. Gainera, guztiak ala guztiak jarraian.

Bada, bere seme Erwanek 14 urterekin 8c+ mailako bi bide osatu ditu. “Le Brillant Saoule” eta “Devers Severe” (Bouox). Chelleris-ekin alderatuta, zortzigarren esferan ibili da, baina aurreratu behar dugu horietako marra bat, “Devers Severe” oinutsik eskalatu duela.

Bide horretan izan duen prozesuan honakoa aipatu du Legrandek: «Oso fisikoa da, eta marraren lehen zatiak erresistentzia handia eskatzen du. Sabai batean zeharkaldi luze bat egin behar da, eta aitortu behar dut haren amaieran “trikimailu” oso erakargarri bat egin behar dela. Hain zuzen ere, oinak hormara itsatsi gabe 360ºko biraketa. Denera, hamahiru ekinaldi behar izan ditut bide hori kateatzeko».

Aipatu dugu oinutsik igo duela; hots, katu-oinak bidearen oinarrian utzi zituen. Legrandek aurreratu du etxeko horman oso txikitatik oinutsik eskalatzen duela: «Aitzitik, arrokara joaten naizenean beti katu-oinak erabiltzen ditut. Bitxia izan daiteke, baina bide hori hirutan probatu ondoren, konturatu nintzen oinutsik eskalatzea errazagoa izango zela. Askoz ere erosoago sentitu nintzen, eta azken ekinaldiak era horretan egin nituen. Zoritxarrez, arestian aipatu dudan muturreko biraketa horretan erortzen nintzen. Eta ez zen oinutsik igotzen ari nintzelako, baizik eta indarrik ez nuelako».

BISTAN ERE

Lau protagonista horien artean Blass gazteena da. 12 urte besterik ez ditu, eta, besteek ez bezala, bistan eginiko eskalada batean arrakasta izan du. Sain Cezaireko eskalada eskolan gai izan da “Bords de levres” bidea estilo horretan egiteko. Bazirudien hamabi urteko haur batek izaera horretako jarduera bat egitea ia ezinezkoa dela; izan ere, aipatu dugun marra horrek 8b zailtasuna du.

Gogoratu behar dugu metro bat eta berrogeita zazpi zentimetroko garaiera duela, eta duela pare bat hilabete 9a mailako bide bat egiten eskalatzaile gazteena bihurtu zela. Jakina, landutako bide bat izan da.

Frantziarraren azken eskalada horren inguruan esan behar dugu haurrak egoera bitxia bizi izan zuela. Uste zuen marra hori 8a+ zela, eta zintak jartzen ekinaldi bat egin zuen. Lehen saio horretan erorikorik gabe katera heldu zen, eta biharamunean, krokisa ikusi zuenean, konturatu zen 8b maila zuela.

Haurraren aita Vlad-ek esan du “Bords de levres” bistan egiteko hamar minutu bakarrik behar izan zituela: «Onartu behar dut Theok ez zuela buruhausterik izan; aise gainditu zuen aurrez aurre zuen xedea. Bidetik jaitsi ondoren, txantxetan esan zidan bistan eskalatzea landutako bideetan baino askoz ere lan gutxiago egin behar duela. Eskalatu berri duen bideari dagokionez, erresistentzia eta potentzia nagusi dira. Bidearen giltzan ez du atsedenik hartzeko aukerarik ematen».

8b hori bistan egin eta gero, Vladek esan du semea zortzigarren mailako bide askotan buru belarri dabilela: «Ahalik eta marra gehien eskalatzen ari da; berdin dio zein estilotan egiten dituen. Gure helburu nagusia esfera horretan hobetzea da. Eskuarki, etxe ondoan ditugun eremuetara joaten gara; oso urrunera joatea ez dugu atsegin. Horrez gain, bistan asko zentratu gara. Baina aukerak ez dira oso zabalak, besteak beste, gure ingurumarian aukera gutxi dago maila horretan bideak estilo horretan egiteko».

Laugarren eta azken protagonistak, Sindelek, 15 urte ditu. Bere sare sozialetan baieztatu du Adam Ondra idolo duela. Ondra bezala, Sindel ere txekiarra da, eta, azkenaldian hiru 8c+ sinatu ondoren, “Chiroptera”-rekin (Sulov) bere maila gorenera heldu berri da. Hain zuzen ere, 9a+ maila duen marra horren lehen errepikapena egin du. Gogoratu behar dugu Ondra bera saiatu zela baina ez zuela arrakastarik lortu.

“Chiroptera”-ri dagokionez, eskalatzaile txekiarrak honakoa aurreratu du: «Lehen hamar mugimenduen sekzioa 8b mailakoa da, eta giltzak, berriz, blokezko bost mugimendu gogor ditu. Oso espezifikoa da».

Lehen ekinaldiak abuztuaren amaieran egin zituen. Iraileko baldintzak oso kaskarrak izan ziren, eta Sindelek erabaki zuen entrenamenduetan zentratzea eta beste eremu batzuetan eskalatzea. Urrian eguraldia askoz ere egonkorragoa izan zen, eta baldintzak hobetu zirenez, azkenean, azaroan bere lehenbiziko 9a+ mailako bidearen urratzailea bihurtu da.