Maider IANTZI GOIENETXE

«Ainarak», emakume espartingile migranteak omentzen dituen filma

Joan den ostiralean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, estreinatu zen «Ainarak» dokumentala. Bertzeak bertze, Erronkari eta Mauleko emanaldi berezietan erakutsiko dute Zuberoako hiriburuan espartinak egiteko urtero Pirinioa gurutzatzen zuten milaka emakume eta neskatxa nafar eta aragoiarren historia.

Espartingintza industriala eta indartsua izan zen, 800 langileko enpresak zeuden gehienez 5.000 biztanle izan zituen Maulen. Gaur egun, artisau erara itzuli da.
Espartingintza industriala eta indartsua izan zen, 800 langileko enpresak zeuden gehienez 5.000 biztanle izan zituen Maulen. Gaur egun, artisau erara itzuli da. («AINARAK»)

Urtero, 1870 eta 1940 bitartean, Nafarroa eta Aragoiko milaka emakume eta neskatxa gaztek -12 urtekoak ere baziren tartean- etxekoak agurtu eta Pirinioa zeharkatzen zuten Mauleko espartin fabriketan lan egiteko. Urriaren 7an ateratzen ziren eta ez ziren itzultzen udaberriko azken elurrak desagertu arte. Espartinak eginez, etxeko ekonomian laguntzen zuten, eta ezkontza puskak ere lortzen zituzten. “Enarak” edo “ainarak” deitzen zaie hegazti horiek bezala urtaro aldaketarekin batera bidaiatzen zutelako eta, gainera, beltzez janzten zirelako. Migrazio masiboa izan zen: 1911n soilik, Maulera joandako 933 neska daude erroldatuta. Baina denbora luzean isildua izan da enaren hegaldia. Azken urteetan memoria berreskuratzen eta emakume horiek omentzen ari dira. Hor kokatzen da Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren “Ainarak” filma, Anne Etchegoyen protagonista duena. Gidoia Marga Gutierrezena da eta argazkiak, Quim Torrensenak.

Lizartzak GARAri erran dionez, aitorpena eta omenaldia egin nahi diete ainarei, «beren bailaretan errekonozimendua izan baitute baina kanpoan batere ez».

Estreinaldia joan den ostiralean, indarkeria matxistaren aurkako egunean, izateak badu sinbolismoa. Etchegoyenek berak “No es no, Ez da ez” abestia egina du Itziar Ituñorekin batera. Ainarak baliabide handirik gabe joaten ziren Maulera lanera, ohe bakarrean bost lagunek egiten zuten lo, soldata eskasa zuten. Sarri jasaten zuten bortxakeria. «Emakumeen eskubideen aldeko keinu txiki bat» da, zuzendari eta ekoizle donostiarraren hitzetan.

«Pozik nago -adierazi du Donapaleuko abeslari eta konpositoreak-. Lan handia izan da, urte eta erdiz ibili gara jo eta ke denak elkarrekin, eta gustura nago emaitzarekin. Orain ikusiko dugu zein emozio pizten dizkion publikoari», bereziki ainaren oinordekoak dauden herrietan.

Emanaldi BEREZIAK

Iruñea, Gasteiz, Donostia, Uztarroze, Bilbo eta Madrilen proiektatu ondotik, gaur Gasteizen izanen da emanaldia (Florida, 19.30, Etchegoyenekin zuzenekoarekin). Igandean, Maulera (17.00, Etchegoyenekin) eta Erronkarira (18.00) helduko da.

601 Producciones-ekin batera pelikula ekoitzi duten Maluta Films-ekoek egin zioten parte hartzeko proposamena Donapaleuko abeslariari. Erabat harrapatu zuen istorioak. Eta lehenbiziko ideia elkarrizketak egin eta testigantzak jasotzea bazen ere, musika sortzeko gogoa sentitu eta pelikularen soinu banda ere egin zuen, ainaren koplak berrinterpretatuz. «Natural, lasai» atera zaizkio doinuak, Aragoitik Maulerako bidaian elkarrizketatu duen jendeak «inspiratuta», baita paisaia ikusgarriek ere.

Artxibozainekin elkartu da, ikerlariekin, ainaren ondorengoekin -Erronkaribar, Zaraitzu eta Aragoiko Anso ibarretako biztanle gehienek dute loturaren bat haiekin-, mendi gidekin, idazleekin... Aberatsak dira testigantzak, baita hizkuntzen aldetik ere: Erronkariko euskaran, zubereraz, gaztelaniaz, frantsesez eta Aragoiko ‘fabla’-n, aragoieraz, mintzo dira protagonistak.

Ez dago ainararik Etchegoyenen familian, baina hurbilekoak ditu. «Zerbait banekien, baina historia handia dokumentalean lanean deskubritu dut. Gauza asko ikasi ditut, funtsezkoak bi: milaka emakume eta neskaren historia, eta garaiko testuinguru sozioekonomiko eta politikoa, oso ezberdina Ipar eta Hego Euskal Herrian eta Pirinioaren bi aldeen artean. Nafarroa eta Aragoiko ainarek Maulera lanera joan behar zuten, baina ametsak ere bazituzten: bizi berri bat ezagutu zuten».

Estatu espainiarraren aldean kontestua ez zen ona, eta oinez egin behar zuten bidaia, elurretan, hotzak hilak. Izen poetikoaren gibelean bizipen latzak daude, lanaldi luzeak, baina baita deskubrimenduak ere. Oihalak, etxetresnak eta bertze gauza aunitz erosi zituzten etxerako edo ezkontza-puskak egiteko.

Ainarak muga, migrazio eta emakumeen sinbolo dira. Etchegoyenen iritziz, «tristea da ondorioa: denbora pasatzen da, baina gaiak berdinak dira». Etorkin gisa hartu zituzten emakumeok. «Ez dugu asko aurreratu. Hobe litzateke horretaz ikastea orain etortzen direnak hobeto tratatzeko», adierazi du Lizartzak.

Ainarak familia xumeetatik zetozen, ez zuten onarpen sozialik, eta ez zuten sobera kontatu beren historia. «Gizon almadiazainen historiak, adibidez, ezagunak dira, jai bat ere badute. Espartingileen testigantzak, ordea, ez dira asko, eta hori ez da bidezkoa. Elkarte eta ikerlari batzuk lan handia egiten ari dira memoria berreskuratzeko. Funtsezkoa da hori», azpimarratu du Donapaleuko sortzaileak. Bere musikan istorioak kontatzea maite du, eta horren barruan bada lan sakonago bat, sustraiak ezagutzeko. «Inportantea da gure lanari zentzua ematea», esan du.

Ainaren bidaia eta bere bidaia propioa, biak egin ditu Etchegoyenek, «beti ainarak buruan». Eta emakume hauen inguruko bertze egitasmo batekin ari da orain.

Proiektu zabalago baten parte

Filma ere transmedia proiektu zabalago baten atal bat da. «Ainarak.eus webdoc-a sortu genuen lehenbizi, eta ostean egoki ikusi genuen dokumental bat egitea. Gauza gehiago egiteko asmoa dugu, eskoletarako material pedagogikoak, besteak beste», agertu du Donostiako zuzendariak.

Kantugintzak garrantzia duelako aukeratu zuten Etchegoyen, baita hiru kultura eta hizkuntza ezagutzen dituelako ere. «Pirinioa ez zen haustura bat, baizik eta lotura bat», nabarmendu du Lizartzak. «Bertako biztanleak harremanetan zeuden, euskaraz bereziki. Ansoko hizkera ere inportantea da eta gurekin hain ongi portatu direnez aurrestreinaldia egin dugu bertan, adineko egoitza baten parean. Emakume haien seme-alaba asko bizi dira bertan».

Antonio Jesus Gorria Ansoko adituak Pirinioetako herri bat sortzeko ametsa aipatzen du. Tartean mendia izanda ere, erlazio handia zuten: artzaintzan, basoan, ainaren bitartez, elkarren artean ezkontzen ziren, kulturak nahasten zituzten... Uztarrozeko Fidela Bernat, erronkarieraz mintzatzen zen azken emakumea, ainara izan zen. Zubereraren antza zuenez, komunikatzea erraza zen. Baina erronkariera eta zaraitzuera galdu ziren neurrian gehiago erlazionatu ziren bertze hizkuntzetan.

Ahalduntzeko prozesu bat

Emakume hauek ahalduntzeko prozesu bat egin zutela azpimarratu du Ritxi Lizartzak: «Oso gazte ateratzen ziren, eta 12-16 orduz lanean hasten ziren fabrikan, etxean ere bai. Gaztaroa pasa eta nerabezarotik heldutasunera igarotzen ziren zuzenean. Baldintza eskasetan zeudenez, beraien artean elkartasun izugarria zuten».

Ainarak arrazoi ekonomikoengatik joan ziren arren, ezin da ahaztu independentzia ere irabazten zutela, eta esperientzia berriak, salto handia zegoelako orduan Bidasoaren alde batetik bertzera: Maule puntako hiria zen, diru aunitz mugitzen zen, belle epoque garaia ere bazen, pentsa zer izanen ziren hegoaldekoentzat hango musikak, orrazkerak eta janzkerak. «Dei efektu hori gertatzen zen: arropa eta orrazkera ezberdinekin bueltatzen ziren ainarak eta joateko irrikatzen egoten ziren guztiak».

Ehunka neska gazte han bizita, besta giroa ere bazegoen. Espartingintza industriala eta indartsua izan zen, pentsa: 800 langileko enpresak zeuden gehienez 5.000 biztanle izan zituen Maulen. Gaur egun, artisau erara itzuli da. Zuberoako hiriburuko biztanleria 3.000ra jaitsi da, eta horietatik %30 inguru ainaren oinordekoak dira, aunitzek han osatu zutelako familia. Berezia izanen da inondik ere bertako emanaldia.