Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Pozaren erdia» poema liburua ondu du Harkaitz Canok, sonetoen neurrian

Sonetoz osatutako poema liburua idatzi du Harkaitz Canok. 64 piezak osatzen dute «Pozaren erdia» liburua. Silaba kopuru neurtuen eta lerro errimatuen egiturak behartutako «jolas adiktiboa» probatu zuen, eta ibilaldi bat proposatzen du obra osoan zehar: «pozaren bilaketa baten zirriborroa». Lehendik jorratu izandako gaien inguruan idatzi ditu sonetoak, formak beharturik beste era batean kontatu baditu ere. Gustatu zaio jolasa.

Harkaitz Cano, bere azken poesia liburua eskuetan, Donostian.
Harkaitz Cano, bere azken poesia liburua eskuetan, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Harkaitz Cano idazlearen poema liburu berria aurkeztu zuten atzo Donostian, «jostaria bezain adiktiboa» izan daitekeen berezitasun batekin: 64 sonetok osatzen dute “Pozaren erdia”. Silaba neurtu eta errimadunez egindako estrofek, beraz. Leire Lopez Susako editorearekin batera aurkeztu zuen liburua, eta «irakurketa jolastia» dela adierazi zuen editoreak.

Gonbidatu berezi batek eman zion amaiera goizeko ekitaldiari, Maite Larburuk, “Gosari berantiarra” poema musikatu zuen biolinaren eta ahotsaren laguntzaz.

«Pandemian, batzuk sudokuak egiten hasi ziren, ni sonetoak idazten», azaldu zuen Canok, ohi duen umore finez. Orduan hasi bazen ere, aitortu zuen aspalditik zuela buruan horrelako zerbait. Tiago Rodriguez gidoilari eta antzerkigileak 2015ean egindako «antzerki batetik liluratuta» irten zen; hori, eta Shakespeareren soneto bat buruz ikasita. Antzerkigileak publikotik zazpi bolondres hartu eta bakoitzari pare bat lerro memoriaz ikasteko eskatzen zion, eta hainbat teknika erabiliz publikoa emankizunetik sonetoa ikasita atera zen. «Orduan sortu zitzaidan neurriaren eta errimaren zaletasun berantiarra».

Izenburuari erreferentzia eginez, liburua «pozaren bilaketaren zirriborro bat» dela azaldu zuen. Eta persiarrek erabiltzen duten esamolde bat ekarri zuen gogora: «Pozaren erdia pozaz hitz egitea bera da». Bilaketa horretan nolabaiteko ibilbide bat badagoela kontatu zuen, haurtzaroa, gaztaroa, idaztea... Baina gaiei dagokionez, lehenagotik idatzi izan duenaz idatzi duela aitortu zuen: «Jada idatzi dituzun gaiak berridazteko aukera da formaz aldatzea. Sonetoak paretaren aurka jartzen zaitu, neurri eta errima batean sartu behar duzulako, eta ez dakizu nola aterako zaren hortik. Lehendik jorratutako gaiez idatzi dut, baina beste era batean egin dut, formak behartuta». Berak lanaren erdia egin duela eta egiturak beste erdia egin duela azaldu zuen, egiturak laguntza eta sostengua ematen baitzizkion.

Canoren sonetoa: 14x14

Sonetoak egitearen inguruan eta hauen formaz zenbait argipen eman zituen, ez baita estilo oso ezaguna. Azaldu zuen bi lau lerroko eta bi hiruko estrofa dituztela, guztira 14 lerro beraz; eta jatorri literarioaren arabera, ezberdinak direla silaba kopuruak. 14 silabako lerroak idatzi ditu Canok, jatorri alexandrinoa duten sonetoek bezala; Espainian, esate baterako, hamaika silabako lerroak idazten dituzte, eta Frantzian hamabikoak; Shakespearek, berriz, hamarrekoak. Horregatik, «14x14» izan daiteke Canoren sonetoak egiteko forma. Bertsogintzako zortziko txikiaren antzekoa dela kontatu zuen: «Kantu-letragintzan ibili izanak lagundu dit, eta forma egokiena hamalau silabako forman topatu dut. Zortziko txikia bezalakoa da, perpetuoa, ez zara inoiz nekatzen».