Manuel ARELLANO ARMISEN
ALCER Nafarroa lehendakaria
KOLABORAZIOA

Premiazko ez den osasun-garraio programatuaren?

Dialisiko pazienteak bizitzari lotzen gatzaizkion tratamendua ospitalean jasotzen dugunez gero, bertara joan behar izaten dugu maiz. Hori horrela, astean hirutan dialisi-saiora ekartzen gaituzte anbulantziaz eta, tratamendua jaso eta gero, etxera eramaten gaituzte atzera. Sinplea dirudien arren, ez da dirudien bezain erraza. Izan ere, errealitatea bestelakoa da oso.

Adibide bat: Maria anderea Iruñetik 30 kilometrora bizi da, eta, beraz, etxean goizeko 6.30ean jasotzen du anbulantziak. Eguneko ospitalerako bidean, bertze 4 herritatik pasatzen dira, beste lagun batzuk jasotzeko. 7.30ean iristen dira ospitalera, dialisi-saioaren ateriko, garaiz prestatzeko. Maria anderearen kasuan 4 orduko dialisia izaten du astelehen, asteazken eta ostiraletan. Dialisi-saioa, teorian, 8.30ean hasten denez, dialisi-saioa normaltasunez igarotzen bada, 12.45ean anbulantzia zain izaten du etxera eramateko. Anbulantziak etxerako bidea atzera eginda 14.00etan uzten du teorikoki.

Zein da errealitatea? Demagun 5 orduko dialisi-saioa duen paziente batek 8.30ean hasi behar duela eta goizeko 6.30ean etxera joaten direla jasotzera. Badakizue zer dakarren horrek? Anbulantzia noiz iritsiko zain ordubete egon dela, eta beste ordubete zain tratamendua hasteko -2 orduko itxaronaldia-, eta, beraz, tratamendua atzerapenarekin amaituko dela; horrek eragin onik ez du izaten paziente kroniko honen bizitzan, ezta artatzen diren beste pazienteengan, ezta erizainengan ere. Ez al litzateke errazagoa izanen jarduera-protokolo bat izatea?

Demagun gurpil-aulki baten erabiltzaile zarela. Demagun anbulantzia-zerbitzutik esaten dizutela hobe dela aulki arrunt bat erostea anbulantzian sartu eta ainguratzeko. Zer egin? Ez al litzateke errazagoa izanen era guztietako aulkietarako egokitutako anbulantziak jartzea?

Demagun adin handikoa zarela eta 4 orduko dialisi-saioa amaituta ordubete itxaron behar izaten duzula, astean hirutan, eta, azkenean, taxi bat hartu behar izaten duzu. Zer iruditzen zaizu? Ez al litzateke errazagoa antolaketa ona izatea? Irudikatu etxera lasai asko itzultzen ari zaretelarik, zure anbulantziak dei bat jasotzen duela eta ospitalera beste paziente baten bila itzuli behar dela. Zapuztuta. Eta, gainera, anbulantziatik jaisteko esango baliote, beste anbulantzia batek etxera eramateko? Ez al litzateke errazagoa izanen txukun antolaturiko ibilbide bat izatea? Gaixo kroniko hauen tokian jarri dira? Benetako kasuak dira, dialisi paziente kroniko batzuei gertatutakoak sarri. Izan ere, eta horra testu honen gakoa, gaixo kroniko horiek sarritan pairatzen dituzte atzerapenak antolamendu-gabezia dela kausa; zalantza izpirik gabe, zerbitzuak badu zer hobeturik.

Nafarroako ALCER elkartean urteak daramatzagu eskatzen anbulantzien edo premiazkoa ez den osasun-garraio programatuaren jarraipen-batzordean parte hartzeko, bai gure iritzia emateko, baita zerbitzu eraginkorragoa izan dadin ere, bai lizitazio-pleguetan, baita giltzurrun-gaixotasuna duten pertsonentzat berebiziko garrantzia duen zerbitzu horren funtzionamendua kontrolatzeko eta ebaluatzeko ere. Denok ordaintzen dugun zerbitzu publikoa izanik, inplikatutako guztiei eskatzen diegu zorrotz jokatzeko eta eraginkortasunez kudea dezaten; tamalez, bistan da, paziente eta erabiltzaile batzuei ari zaigu erakusten asko dagoela hobetzeko.