U. URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

Alfonbra gorria Washingtonen, Afrikako herrialdeekin harreman berri bati ekiteko

Dena prest dago datorren asteartean Washingtonen Afrikako goi-bilerari ekiteko. Joe Bidenen gobernuaren asmoa da hiru eguneko topaketa mugarri izatea AEBen eta kontinente beltzaren arteko harremanetan. Trumpen utzikeriazko jarreratik aldendu nahi du Etxe Zuriak, eta horretarako afrikar estatuburu gehienak gonbidatu ditu.

Estatu Batuetako presidente Joe Biden, artxiboko argazki batean.
Estatu Batuetako presidente Joe Biden, artxiboko argazki batean. (Chip SOMODEVILLA | GETTY IMAGES)

Afrikari buruzko lehen goi-bilera 2014an Barack Obamak antolatutako topaketa historikoa izan zen; orduan itxaropen handia piztu bazen ere, Trumpek bere agendatik kanpo utzi zuen munduko bost biztanletik bat bizi den kontinentea. Orain, 2014an legez, kontinenteko 54 Estatutako buruzagietatik 49 izatea espero da Washingtonen. AEBetako Gobernuak deitu ez dituen bakarrak estatu-kolpeen ostean aginte militarrak dituzten Mali, Ginea, Burkina Faso, Sudan eta Washingtonekin harreman diplomatikorik ez daukan Eritrea dira.

Gobernuko ordezkariek xehetasunik eman gabe esan dutenez, hiru eguneko goi-bileran ekimen eta konpromiso garrantzitsuak iragarriko dituzte: «Agenda global bat zehaztu nahi da, elkarrekin eserita hamarkada honetan dauden erronkei aurre egiteko». Oraingoz ezagutzen den neurri horietako bat da Joe Bidenen eskaera Afrikar Batasuna G20ko kide iraunkor bihurtzeko. Egun, Hegoafrika da kontinente horrek hogei herrialdeen klubean daukan ordezkari bakarra.

Inbertsioez hitz egin beharko dute, noski, baina baita Ukrainako gerrak agerian utzi duen elikagaien krisiaz eta, zelan ez, klima aldaketaz ere bai. Demokrazia ere eztabaidagai izatea nahi du Washingtonek, Txinak aurrea hartu diola jabetuta eta Sahelen Errusiak eta Wagnerreko mertzenarioek daukaten presentziagatik kezkatuta. Martxoan begi bistan geratu zen aliantza geopolitiko berrien pisua, herrialdeetako askok uko egin baitzioten Segurtasun Kontseiluan Ukrainako inbasioa gaitzesteari; Errusia arma-hornitzaile nagusia da Afrikan.

Hala ere, Etxe Zuriak dio Txina eta Errusia ez direla elkarrizketetako gai izango. «Estatu Batuek lehentasuna ematen diote Afrikarekin dugun harremanari, bi aldeen interesen mesedetan eta munduko erronkei lankidetzan aurre egiteko», adierazi zuen Molly Phee Afrikako gaietarako estatu idazkariordeak. «Kontziente gara Gerra Hotzaren historiaz, kolonialismoak Afrikan izandako eragin larriez, eta aurreko garai haietako akats batzuk ez errepikatzea bilatzen dugu». Afrikan zentratutako ekimen diplomatikoan buru-belarri izan da Washington aurten, eta Antony Blinken Estatu-idazkaria kontinente horretako hiru herrialdetan ibili zen abuztuan bisitan.

Washingtoneko erdigunean agerikoa da gertakari garrantzitsua egongo dela datozen egunotan. Kale ugari moztu dituzte, Guardia Nazionala ari da zaintza-lanetan, Mt Vernon plazako metro geltokia itxiko dute, eta hiru metroko hesia altxatu dute Washington Convention Center-en inguruan. Protesta ugari deitu dituzte egunotan, besteak beste Tigrayko gerra salatzeko eta Ugandako Yoweri Museveni presidentearen aurka.

Somaliland kexu, goi-bileratik kanpo utzi dutelako

Joan den ostiralean Etxe Zuriak berretsi zuen de facto independente den Somaliland ez dagoela gonbidatutako herrialdeen zerrendan. 1992tik Somalian gerra zibila eta Estatu-botererik izan ez bada ere, Muqdishotik bereizi zen lurraldeak estatu arrunt baten itxura dauka; munduko herrialdeen aitorpen ofizialik izan ez arren, harremanak ditu gobernu askorekin, eta Washingtonen ere badu bulegoa Somalilandek.

Abdirahman Saylici presidenteordeak ez gonbidatzeko erabakia aldatzeko eskatu die AEBei: «Somalilandek lorpen garrantzitsuak izan ditu, bakean, egonkortasunean eta prozesu demokratikoan, eta aitortza merezi du. Somalilanden kokapen estrategikoa berebizikoa da AEBek eskualdean dituzten interesetarako».U. URRUTIKOETXEA