Diego IDOATE LABARGA
Nafarroako BDZ (Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak)
GAURKOA

Ukraina eta Palestina: Mendebaldearen hipokrisiaren bi aurpegiak

Urriaren hasieratik Israelgo Armadak 35 palestinar baino gehiago erail ditu Zisjordanian eta Jerusalemen, erdiak nerabeak eta haurrak izanik. Aurretik blokeatuak dituen Jenin eta Nablus bezalako hirietan egiten ditu erasoak, biztanleen sarrera eta irteera galarazia duten eremuetan.

Aurten, Israelgo Armadak, munduko boteretsuenetako batek, 200 pertsona baino gehiago erail ditu, kontuan hartu gabe hirien blokeoaren ondorioz arreta medikoa edota ospitale-arreta jaso ez izanagatik hil direnak. Azaroaren 3an, ostegunean, egun bakar batean bost palestinar hil zituzten; besteak beste, 14 urteko Mohamed Khlouf gaztea.

Bi egun lehenago Israelgo hauteskundeak izan ziren, non betidanik palestinarren hilketa edo haien aurkako bortizkeria hautagaientzat milaka bototan islatzen den; beraz, honek krimen horien izaera ebentuala gezurtatzen du. Baina komunikabide gehienek ez diote kasurik egiten Israelek zibilen aurka egiten duen indarkeria sistematikoari. Apartheid erregimenaren basakeria ere ez da berria (Amnesty Internationalek eta Human Rights Watch-ek hala onartutakoa).

Hor jarraitzen dute Palestinako lurren lapurretak, bertako biztanleen kanporatzeak, juduentzako kolonien legez kanpoko eraikuntzak Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen... Honek hedabideek aldiro erakusten duten Ukrainako gerrarekin kontrastatzen du; batez ere, Mendebaldeak (EB eta NATOk, nagusiki) Ukraina ekialdeko inbasio errusiarraren aurrean eman duen erantzunarekin.

Hasierako kondenek zigor ekonomiko gogorrak ekarri zituzten, eta, ondoren, Ukrainako agintariei laguntza militarra eman zieten eta handituz joan dira armamentu kopurua eta mota. Putinen kide oligarkek edo enpresariek beren ondasunak eta kontuak enbargatuak ikusi zituzten. Europar Batasunean milaka lagunek hartu dituzte Ukrainako errefuxiatuak, asilo-prozedura estandarra eskatu beharrik gabe. Gogoan izan behar da beste gerra batzuetako errefuxiatuak, ilehoriak edo begi urdinak ez zirenak, kontzertinekin eta indarkeriaz hartu zituztela, eta ez zutela aukerarik izan errefuxiatu-izaera eskatzeko, nahiz eta NATOk eragindako gerrak izan edo NATOk parte hartutakoak.

Kontrastea sortzen dute Palestinako egoerarekin Josep Borrellek nazioarteko legezkotasunari buruz egindako adierazpen harrigarriek, non ukrainarrek garaipena eta askatasuna lortu arte beren burua defendatzeko duten eskubidea aipatzen duen eta behar izatekotan Ukrainari inbasioaren aurrean laguntza ematea. Israelek 70 urte baino gehiago daramatza Palestinako lurrak legez kanpo okupatzen eta kolonizatzen, Europaren axolagabekeriaren aurrean. Urte hauetan guztietan ez da zigorrik ezarri Israelen aurka; eta, hori gutxi izango balitz bezala, Israelek esparru-akordio bat du, muga-zergarik gabe eta EBrekin baldintza oso onuragarrietan merkaturatzeko aukera ematen diona. Palestinarrak ez dira arrazoiz patriota gisa agertzen, sarritan terroristatzat edo bakerik nahi ez dutelako susmagarritzat hartzen dira.

Palestinako herriak sustatutako indarkeriarik gabeko kanpaina zibilak ere (BDZ: Boikota, Israelen aurkako Desinbertsioak eta Zigorrak) kriminalizatu egin dira Mendebaldeko zenbait herrialdetan. NBEren beraren zenbait ebazpenek, hala nola abenduaren 7ko 42/159 Errege Dekretuak ezartzen du egoera kolonial baten pean dagoen herri orok (Palestinak, esaterako) bere burua defendatzeko eskubidea duela.

Herrialde bakar batek ere ez dio Israeli legez kanpo okupatzen dituen lurraldeak itzultzea eskatzen; horren ordez, nazioarteko zuzenbidearen urraketak saritzen dizkiote: Israelek Jerusalem (hiri palestinar okupatua) Israelgo hiriburua izango zela esan zuenean, AEBek enbaxada hara eraman zuten, eta Bidenek ez du atzera egin. Nahiz eta Gazaren aurkako gerra eta bonbardaketak ugariak izan, Israelgo politikari edo militarrak ez dira sekula gerra-krimenengatik edo gizateriaren aurkako krimenengatik epaituak izan.

Bonbardaketak gertatzen direnean, lurrez, itsasoz eta airez blokeatuta dagoen 365 kilometro koadroko eremu txiki horretako biztanleei ihes egiteko edo ebakuatuak izateko aukerarik ez zaie uzten, Genevako IV. Konbentzioa urratuz.

Politikariren batek palestinarrei beren burua defendatzeko armak emateko eskatuko balu, zorotzat joko lukete edo antisemitatzat. Herri palestinarrak ez du kexatzeko edo protestatzeko eskubiderik; egunero kolonoek eta Israelgo Armadak bere aurka egiten dituen indarkeria, okupazioa, lapurreta, krimenak eta hilketak onartu behar ditu. Ukrainarren aldean defendatzen denaren kontrako jarrera.

Estatu sionistaren parlamentu berriak 120 diputatu izango ditu, eskuin muturrekoak edo ultra-erlijiosoak horien artean. Netanyahuk, gerra-kriminal gisa epaitu behar zutenak, zuzenduko du herrialdea berriz. Bere ministroen artean Itamar Ben Gvir dago. Kolono arrazista horrek duela gutxi arte Baruch Goldstein-en argazkia zuen aretoan. Kolono judu horrek 1994. urtean Hebrongo meskitan zeuden 29 palestinar akabatu zituen. Pertsonaia hori, Israelgo militarrei aurka egiten dieten palestinarrentzat heriotza-zigorra eskatzen duena eta palestinarrei pistola erakutsiz “heriotza arabiarrei!” oihukatzen diena, gobernuaren parte da dagoeneko.

Palestinako herriak, ukrainarrek ez bezala, ez du inolako laguntzarik jasoko Mendebaldearen aldetik, gehienez errepresio gehiago. Laguntza Israelek jasoko du, estatu okupatzaileak. Gure aldetik, Israelek nazioarteko legedia bete dezala, okupazioarekin amaitu dezala eta palestinarrek beren lurretara itzultzeko duten eskubidea exijitzen jarraituko dugu Israeli.

Horretarako, abenduaren 13an (asteartea), 18.30ean, kontzentrazioa egingo dugu Iruñeko Udaletxe plazan. Ekintza hori hilean behin egingo dugu, herri palestinarraren sufrimenduaren aurrean hipokrisia eta axolagabekeria amaitu arte. Horrekin batera, Beasaingo CAF enpresa Israelgo okupazioarekin elkarlanean ari dela salatuko dugu, lur palestinarrak, Zisjordania eta Jerusalem ekialdeko kolonia ilegalak, lotuko dituen trenbidea eraikitzen ari baita.