GARA
TXIRRINDULARITZA

Itzulia: Gasteiz-Eibar apirilaren 3tik 8ra

Datorren urteko 62. edizioko etapa irteeren eta helmugen berri eman zuten atzo antolatzaileek. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik pasatuko da.

Beste edizio bateko etapa baten amaiera.
Beste edizio bateko etapa baten amaiera. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Txirrindularitzako aurtengo egutegia amaituta, eta urte berriari hasiera eman baino lehen, Itzuliak 62. edizioko etapen irteera eta helmugak zeintzuk izango diren jakinarazi zuen atzo. Hala, Aste Santuarekin bat egingo du: apirilaren 3an hasiko da Gasteizen eta 8an amaituko da Eibarren.

Beste behin, Gasteizek Itzuliko etapa baten irteera hartuko du, baina aurten protagonismo handiagoa izango du, lasterketa han hasiko baita; Bastidan bukatuko da lehen saio hori. Bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, eta Nafarroan ibiliko da osorik; 2022ko herri berak lotuko ditu, baina irteera eta helmuga trukatuta. Hirugarren etapa Gipuzkoan hasi eta bukatuko da; Errenteriatik abiatuko da Amasa-Villabonan bukatzeko.

Apirilaren 6 eta 7an Bizkaira igaroko da lasterketa, hurrengo bi etapak bertan egiteko. Laugarren jardunaldiak Santurtzi izango du abiapuntu eta helmuga. Bosgarrena Zornotzan hasi eta bukatuko da, eta honek Tourrera begira test gisa balioko du (uztailaren 3an Baionarekin bat egingo du).

Azken etapa, apirilaren 8an (larunbata), aurreko urteetan bezala, Eibar inguruan ibiliko da; herri armaginean hasi eta bertan bukatuko da.

Ocetak, lasterketa antolatzen duen elkarteak, etapen irteera eta amaierari buruzko informazioa eman bazuen ere, horiei buruzko xehetasun guztiak jakitea falta da. Horri buruzko informazio guztia urte hasieran jakinaraziko du prentsaurreko batean. Hor esaten dutenaren arabera, txirrindulari garrantzitsuenek Itzulian parte hartuko duten ala ez erabakiko dute, euren interesen arabera. Azken edizioko irabazlea Daniel Felipe Martinez izan zen.