GARA
DURANGO

Ramon de Zubiaurre ezezagunena Durangoko Arte eta Historia Museoan

Ramon de Zubiaurre (1882-1969) margolariaren 30 margo eta, horiekin batera, dokumentu eta objektuak -inoiz argitara eman gabeak denak- aurkituko ditu bisitariak Durangoko Arte eta Historia Museoan. Erakusketa otsailaren 5era arte izango da zabalik. Zubiaurre anaietako gazteenari omenaldia egin nahi dio museoak.

Durangoko Arte eta Historia Museoko arduradunak, margolan bat eskuetan, erakusketaren aurkezpen egunean.
Durangoko Arte eta Historia Museoko arduradunak, margolan bat eskuetan, erakusketaren aurkezpen egunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

XIX. mendetik XX. mendera bitarteko trantsizioko euskal arte adierazpenen erreferente garrantzitsuenetako bat izan zen Ramon Zubiaurre. Garazi Arrizabalaga, museoko zuzendariaren esanetan, museoak orain arte egin duen erakusketa handienetakoa da. Artistaren jaiotzaren 140. urteurrenarekin bat egiten du eta ikerketa egin dute haren inguruan. «Zubiaurre erreferente garrantzitsuenetako bat da XIX. mendetik XX. mendera bitarteko trantsizioan euskal arte adierazpenetan. Gainera, bere familia-jatorriagatik eta Garain jaio zelako, Durangaldean bereziki estimatzen den artista da, eta, hain zuzen ere, bertatik jaso zuen bere ekoizpen piktorikorako inspirazioaren zati handi bat», adierazi zuten aurkezpenean.

Bakarkako lehena

Erakusketa proiektu honek erakargarritasun berezia du. Margolaria hil ondoren, haren lan artistikoa bakarka lantzen lehena da. Izan ere, Ramon eta Valentin anaia zaharrena beti joan dira eskutik. Biek zuten gorreria. Valentinek jaiotzetik, eta ez zen hitz egiteko gai. Ramon, bai; haurra zela istripu batek eragin zion berari. Harreman estua izan zuten biek bizitza osoan zehar eta artistikoki ere “Zubiaurre anaiak” izenez dira ezagunak.

Erakusketa honi esker, orain arte ezezagunak ziren alderdi biografiko eta artistikoak ezagutu ahal izango dira. Horretarako, bisitariari margolariaren bilakaera artistikoari buruzko ikuspegi kronologikoki ordenatua emango dioten hainbat lan bildu dira, Arte Ederretako ikasle gisa hasi zenetik beranduagoko ekarpenetaraino.

Museoaren bildumako “Durango” artelanaz gain, zenbait museotako lanak ere ikusgai jarri dira. 29 obra Durangotik kanpoko erakundeetatik iritsi dira, hala nola Bilboko, Gasteizko eta Oviedoko arte ederren museoetatik. Baita Gutierrez Zubiaurre eta Ortiz-Elejoste familienak ere. Margolariaren ibilbide artistikoa ezagutzen laguntzen duten artelan, dokumentu eta objektuak -horietariko batzuk aurretik inoiz erakutsi ez direnak- ikusgai izango dira erakusketan, haren heziketa eta ospe artistikoaren arotik hasi eta jarduera artistikoaren azken hamarkadetara artekoak. Gainera, katalogo berezi bat argitaratu da.

Euskal Herriko giroa eta ohiturak jaso zituen lanetan, baita erretratuak ere. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan egin zituen pinturako lehen ikasketak. 1899. urtetik aurrera, arte ederren erakusketa nazionaletan parte hartzen hasi zen. 1902. urtean dirulaguntza eman zion Bizkaiko Aldundiak, Parisen ikas zezan, eta han bizi izan zen denboraldi luze batez. Estatu Batuetan lan egin zuen, New Yorkeko The Hispanic Society of America elkarteko kidea izanik. Europan eta Ameriketan erakusketa ugaritan jarri zituen bere margoak ikusgai, eta sari ugari jaso zituen.