Imanol CARRILLO
ESKUBALOIA

Bera Berak arantza kendu eta zortzigarren Superkopa irabazi nahi du Malagan

Donostiarrek, iazko Ligako txapeldunak, eta Kopa irabazi zuen Costa del Sol Malagak andaluziarren etxean jokatuko dute finala, gaur 20.15ean.

Bera Bera Europan kanporatuta geratu da eta minduta iritsiko da Malagara.
Bera Bera Europan kanporatuta geratu da eta minduta iritsiko da Malagara. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urte amaiera gertu dago eta Super Amara Bera Berak denboraldiko lehen titulua du jokoan gaur, 20.15etik aurrera (Teledeporten zuzenean), Ciudad Jardinen Costa del Sol Malaga taldearen aurka jokatuko duen Superkopako finalean.

Iazko Ligako txapeldunak dira donostiarrak eta gaurko aurkaria Kopan gailendu zen. Nahiz eta Malagak etxean jokatuko duen -honek beti plus bat ematen dio etxeko taldeari, normalean zale gehiago egoten baitira-, neurketa aparta espero da. Izan ere, Imanol Alvarezek gidatzen duen taldea liderra da Ligan; baina adi, andaluziarrak hirugarren baitira puntu bakarrera eta aurtengo lehenengo jardunaldian malagarrak gailendu ziren Gascan jokatutako partidan. Hori bai, gol batengatik (31-32).

Gainera, Bera Bera EHF European Leaguetik kanporatua izan da berriki; beraz, jokalariek arantza horiek kendu nahiko dituzte, eta gainera beste helburu bat izango dute buruan: bere historiako zortzigarren Superkopa irabaztea.

Donostiarren entrenatzailea baikor da gaurko partidarako, baina aurkariaren arriskuaz ohartuta dago. «Noski, Ligan lortutako beste emaitza ezberdin bat espero dut. Bideo sesioak egitean ez dakit zer ipini nire jokalariei, aurkaria ezin hobeki ezagutzen baitute. Zer egin behar duten badakite», adierazi zuen Alvarezek Malagara abiatu baino lehen.

PRESIOA KENDU NAHIAN

Lehen aipatu dugun bezalaxe, Malagak etxean jokatuko du, baina Alvarezek bere jokalariei presioa kendu nahi izan die. «Haien etxean jokatzea ez zait garrantzitsua iruditzen. Nire taldea giro horretan nola portatzen den ikusi nahi dut, ikusle askoren aurrean. Antzeko partidetan jokatu izan dutenean jokalariek ondo erantzun dute».

Emakumezkoen Superkopa gizonezkoen txapelketarekin batera da, eta gaur bertan jokatuko dute finala, toki berean, 18.00etatik aurrera.