GARA
ERRUGBIA

Emozioz beteriko derbia, Ordiziarentzat

Gizonezkoen eta emakumezkoen Ohorezko Mailek jardunaldia zuten atzo, eta bertan ziren hiru euskal taldeak lehian. Denek ezin zuten irabazi, tartean derbi bat zegoelako, baina berdinketarik ez zen izan eta Ampo Ordiziak, asko sufrituz, Gernikari irabazi zion (20-23), eta Eibarrek gauza bera egin zuen bigarren sailkatua den Majadahondaren aurka (15-10).

Urbietako derbiak tentsio eta emozio handia izan zituen azken unera arte. Pentsa, bizkaitarrak aurretik joan ziren markagailuan (13-3), Ordiziak buelta eman zion partidari bigarren zatian (13-20), etxekoek 20na berdintzea lortu zuten ondoren, eta gipuzkoarrek azken kolpea eman zuten, 20-23 irabazteko.

Gernika sendo hasi zen, eta hamargarren minuturako 6-0 irabazten zihoan, bi zigor kolperi esker. Valentin Cruzek 6-3koa ipini bazuen ere, etxekoek 13-3ko egin eta hala joan ziren atsedenaldira. Baina bigarren zatian dena aldatu zen. Erokeria etorri zen Urbietara. 65. minutuan Ordiziak markagailuari buelta eman zion, etxekoek berdinketa lortu zuten berriro ere, baina Lander Mujikaren zigor kolpeak garaipena eman zien.

EIBARREN BOLADA ONA

Armaginak 5-0 aurreratu ziren lehenengo zatian, 35. minutuan. Baina bigarren zati ero batean, kanpokoek berdinketa lortu zuten. Etxekoek beste bi entsegu lortu zituzten 15-5ekoa ipintzeko, eta madrildarrek beste bost puntu egin zituzten 15-10ekoa uzteko.