Jon GARMENDIA
Idazlea

Bihurtu

Charles Dickensen «Christmas Carol» ospetsuarekin hasi omen zen eguberriko izpiritua hedatzen. Egia erran, izpiritu hitza arimarekin lotu izan dut beti, ttipitako katiximen eta eliz-kantuen arrastoekin, mamuekin gero, ikusezin nahiz harro, ulertezin bezain hits. Nerea Mujikak dotore itzulitako «Eguberri Kanta» hartu eta hitzaurrean aurkitu dut: «Ideia baten Mamua sortzen saiatu naiz. Ea Mamu hau zuen etxeetan agertzen den eta hauek zorionez betetzen dituen eta inork ez duen hau uxatzeko desira izaten». Esaldian ez dut Ebenezer Scrooge diruzalea ezagutu, eta gaur egun eguberriei ez diet kantuaren xarmarik antzematen, beharbada mamu, edo damu; zahar zekena bakarti, heriotzaren aitzinean ikusten dut, damuak ezkutatu eta atriletik sermoia botatzen, gaur egun edozein agintariren larrutik hizketan, pobreak bagara ere zorionerako tartea dugula iradoki eta aholku hutsalez losintxaz betetzen gu. Lehen kontsumoaz eta abarrez aritzen ginela, argiez, xahuketaz, hortaz ere oroitu naiz, baina orain nahi dugunari eransten diogu izpiritu kritikoa, iluna izan baita azken urteotako mamuen eragina, eta ez gara ardurez eta arduradunez mintzatzeko gai. Zein azal fina daukagun gureari kritika egiten dionaren aurrean, baina epeltasunari aurre egiteko ez gara gai. Hortxe errealitatea, zure eta nire ate aitzinean. Drogen kontsumo neurrigabearena adibidez, indibidualismoarena; erran eta idatziko dut nahi dudana, ez baituzu leitu ere egingo; hobe eguberri kantu bihurtu.