Iraitz MATEO
MURRIZKETAK ETA PROTESTAK

Neurri zorrotzen gainetik, segurtasun sentsazioa Txinan

Olatz Urkia kazetari donostiarra Txinan bizi da, han egiten du lan eta han bizi izan zuen pandemia garaia. Neurriez, murrizketez eta jendartearen protestez mintzatu zen Donostian. Atzo Txinak mugak zabaldu zituen hiru urteren ondoren, eta herrialdetik ateratzen edo sartzen denak ez du berrogeialdirik egin beharko.

Txinako kaleak azken egunetan, PCR probak egunero egiteko betebeharra kendu eta herrialdeko mugak ireki aurretik.
Txinako kaleak azken egunetan, PCR probak egunero egiteko betebeharra kendu eta herrialdeko mugak ireki aurretik. (Noel CELIS | AFP)

Ernest Llunch kultur etxean izan zen astelehen arratsaldean Olatz Urkia EiTBko Asia-Pazifikoko korrespontsala. Hiru urteren ondoren itzuli da Euskal Herrira. Hitzaldia hasi baino pare bat ordu lehenago jakin zuen Txinara itzultzean ez zuela berrogeialdia egin beharko. Aste honen hasieran herrialdeko mugak ireki ditu Txinako Gobernuak, eta bertan sartzen edo ateratzen den inork ez du berrogeialdirik egin beharko; ia duela hiru urtetik lehen aldiz gertatzen da hau. Esangura berezia du, gobernuak orain arte pandemia kudeatzeko izandako politikan aldaketa ikusten baita.

Jakina denez, lehenengo covid kasuak Txinan atzeman ziren, eta neurri zorrotzenak ere hangoak izan dira. «Hasieran beldurra sentitu bagenuen ere, segurtasuna sentitu genuen berehala, eta hori izan da gizartearen sentsazio nagusia», azaldu zuen kazetariak.

Pandemiako neurriak

Pandemia zela-eta hartutako neurrien berri eman zuen. «Egoeraren baitan moldatzen joan diren neurri oso zorrotzak» hartu zituztela zalantzarik ez du. Hasieran beldur handia zegoela aitortu zuen, eta murrizketak ere halakoak zirela: «Lehenengo hilabeteetan ezin genuen kale batetik bestera igaro, oso bakarturik geunden, eta etxera sartzeko ere txartela eskatzen ziguten. Etxeetako ateetan mugimenduak atzematen zituzten makinak jarri zituzten...». Hala ere, kutsatze bolada eta bolada artean «normaltasunez» bizi zirela kontatu zuen, ez Euskal Herrian bezala, eta bere ustez, eraginkorrak izan ziren hartutako neurriak.

Omicron aldaera iristean, neurriak are gehiago zorroztu ziren, eta Txinako Gobernuak «0 kutsatu» estrategia jarri zuen martxan. 1.340.000.000 biztanle ditu Txinak eta, hori kontuan hartuta, ez dela kutsatu asko egon azpimarratu zuen donostiarrak.

Protestek gora

Txinatarrak otzanak direla zabaldu izan da, neurriak betetzen zituztelako, baina azken bi urteetan denetarik egon da, eta protestek ere gora egin dute. «Txinan manifestatzeko ausardia bikoitza izan behar duzu. Ez da legala protesta egitea eta, eginez gero, hurrengo egunean poliziaren deia edo bisita jasoko duzu kontuz ibiltzeko esanez». Kalean zein sare sozialetan protesta oro zentsuratzen zuen gobernuak, eta horregatik ez dute oihartzun handirik izan, antza: «Kaleko protestak geratzeaz gain, sare sozialetako aldarriak ezabatzeko langileak dituzte».

Omicron aldaerarekin iritsi ziren lehen protestak; kutsatu kopurua handitzen hasi zen, eta egoera «kontrolaezina» zen sentsazioa zabaldu zen. Bigarren protesta-une gorena, alderdi komunistaren urteurrenean izan zen. «Guztiok uste genuen Xi Jinpingek bere hitzaldian ‘0 kutsatu’ estrategiaren amaiera iragarriko zuela, baina ez zen hala izan».

Protestek Urumqi hiriko sutearekin goia jo zuten. Murrizketen eraginez ez ziren garaiz iritsi eta 10 herritar hil ziren.

Ekonomia mantenduz

Ekonomian ez dute galera handiegirik izan; Urkiak azaldu zuen zergatia: «Kutsatze olatu eta olatu artean normal egiten zen lan, denbora tarte txikietan egoten zen itxita». Langabezia datuek ere pandemia aurreko datuei eutsi dietela azaldu zuen; Pekineko datuak gogoratu zituen: «%6,2koa da langabezia tasa, duela bi urte bezala».