Maddi TXINTXURRETA
DISKO BERRIAN LANEAN

Estilo desberdinen «fusio» bat ehotzen dabil Esne Beltza

Datorren urteko abenduan aurkeztuko du Esne Beltzak bere zortzigarren diskoa. Rafa Sardina musika-ekoizle entzutetsuarekin ari da lanean taldea, Los Angeles eta Donostia artean grabatzen. Momentuz ezin daiteke askorik aurreratu, baina nazioarteko kolaborazio «garrantzitsuak» jasoko dituen disko «dibertigarria» izango dela agindu dute.

Xabi Solano eta Rafa Sardina, 2023ko abenduan argitaratuko duten diskoan lanean.
Xabi Solano eta Rafa Sardina, 2023ko abenduan argitaratuko duten diskoan lanean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Nahaste-mahai erraldoi bat, dozenaka botoi, erruleta eta argitxoekin. Rafa Sardina musika ekoizleak badaki zer sakatu behar den, eta parean zuen pantailari begira zegoen; antza, hor amaitzen dute aurrez instrumentuek sortutako notek eta hortik ernaltzen dira kantuak. Ondoan zuen Xabi Solano, belarriak adi. Zortzi bat aldiz erreproduzitu zuten amaitzeke dagoen kantu baten bukatu gabeko zati bat, xehetasun txikiena ere doitzeko. «La-la-la-la» dio letrak Solanoren ahotsez eta janzten duen doinuak ezbairik gabe esaten du ordenagailua sortzen ari den hori Esne Beltzaren kantu bat dela -izango dela-. «Agian erritmoa sinpleago egin dezakegu», Solanok Sardinari. Eta berriz play eman. «Itzul gaitezen atzera, ber-introra», Sardinak Solanori. «Conga aldatu dut». Play.

Abendu bukaera honetan Donostiako Elkar estudioan ari da grabatzen Esne Beltza bere zortzigarren diskoa izango dena, baina aurretik Los Angelesen izan da Xabi Solanoren taldea, artista handienekin lan egitera ohituta dagoen Rafa Sardina musika ekoizle bermeotarra -Michael Jackson, Stevie Wonder eta Lady Gagaren lanak ekoiztu ditu, besteak beste- After Hours estudioan. Hara itzuliko dira otsailean lanari azken ukituak ematera, Durangoko Azokan, aurkezteko.

Alta, gutxika egingo dute diskoarekin aurrera: martxoan kaleratuko dute lehen single-a eta apirileko ZEID Fest-en eskainiko dute «sorpresaz betetako» lehenengo zuzenekoa, taldeko abeslari eta trikitilariak atzo aurreratu zuenez.

kalitatea eta eskua

Nahaste-mahaitik aldendu eta hizkuntza lurtarragoetan eman zituzten diskoaren inguruko azalpenak Sardinak eta Solanok. Sei kanturen gainean ari dira lanean eta grabaketan aurrera egiten ari diren heinean lan berriak ekarriko duenaren «ideia argiago» bat izaten ari direla aurreratu zuen bermeotarrak, nahiz eta bukatu artean «sorpresa» asko egongo direla aurreikusten duen. Agindu zuen, ordea, diskoa «dibertigarria» izango dela. «Arriskatu gara bestelako musika-estiloetan sartzera», agertu zuen.

Estilo aniztasun hori izango da disko berriaren funtsa, Xabi Solanok iragarri zuenez. «Gure hizkuntza eta trikitixa ardatz hartuta, Esne Beltzak erakutsi nahi du Euskal Herritik kanpora dauden musika-estiloekin fusionatzea zer den. Lurralde desberdinetako musikak entzuten aritu naiz, fusio horren bila», kontatu zuen. Nazioarteko kolaborazio «bereziak eta garrantzitsuak» izango ditu diskoak eta «horiek emango diete abestiei zentzua», esan zuen.

Rafa Sardina Esne Beltzaren «kalitateak» bultzatu zuen taldearekin lan egitera eta Esne Beltzak musika-ekoizlearen «eskua» bilatzen zuen. Elkarren arteko harremana «erraza» dela esan zuen ekoizleak eta diskoa grabatzeko prozesuan «dibertsio asko» izaten ari direla zehaztu. Xabi Solano, halaber, gustura ari da Sardinarekin. «Euskal Herriko musikari guztien ahotan dago Rafa, guretzako prestigio handia da», adierazi zuen.

Kazetariak saiatu ziren artistei spoiler-ak ateratzen: «Diskoaren izena?» «Zer kolaborazio izango ditu?» Esne Beltzakoek ez zuten horrelakorik aurreratu, baina. Beraz, momentuz jakin daitekeen bakarra... «la-la-la-la».