Jon GARMENDIA
Idazlea

«Lekhua»

Zamaren geruza bat erantzi eta ur berria edanda arinago eta uros sentitzea da urte berria hastea. Eguneroko erronkei heldu, zailtasunei aurre egin eta askoz gehiagotan irribarre egiten saiatzea. Ez duzu dena gibelean utzi, baina zertarako ekarri zama tokirik ez duen tokira berriro? Oroit ezazu zuk egiten diozula lekua guztiari, zorionari bezala zoritxarrari, eta detaile ttipienetan datzala handitasuna.

Ez da hainbeste kostatzen jarrera aldatzea, eta agian, hori baino ez da egunero egin behar duzun ariketa ttipi-handia. Ez du balio itolarriz bizitzea, pasa behar dena pasa egingo da baina zu onena zara, pasa aurretik eta pasa ondoren, hori da garrantzitsuena, beste guztia zalantzagarria.

Ez dut esentzialismotik edaten halere, ez dizut zuri transzendentalismoaren hitzak baliatuta ondorio erabakigarriak hartzeko aholkurik eman nahi. Baina mundu guztiak aholkuak ematen dituen gizaldi honetan, okurritu zait aurten nik ere hasi behar dudala sermoigile gisa, total, hau dohainik da. Heriotzaz eta bizitzaz filosofatzea bezala, urte bat gehiago edo gutiago den zalantza betean, bizitzaren erdigunean poza, ilusioa, eta irrien distira agertzen jakiteko.

Duela berrehun urte idatzi zuen hau Andre Baraziartek: «Nik dakidana da, ni naizen lekhu guzietan ene heriotzea izan daitekela; beraz lekhu guzietan bizi behar naiz, lekhu guzietan eta bakhotxean hil behar banintz bezala». Bizitza berri on.