Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Aranak armaginen erasoa indartuko du

Arana 1. RFEFko golegile nagusia izan zen iaz.
Arana 1. RFEFko golegile nagusia izan zen iaz. (VILLARREAL CF)

Eibarrek Juan Carlos Arana fitxatu du. Vila-realetik datorren aurrelari kanariarrak 2025ra arte sinatu du armaginekin, erakunde biek transferentzia egiteko akordua adostu ondoren.

Las Palmasen jaioa, otsailean 23 urte beteko ditu Juan Carlos Aranak. Jaioterrian egin zituen lehen urratsak, baina hamabi urte besterik ez zituenean Real Madrilek harrobirako fitxatu zuen. Lau denboraldi eman zituen bertan eta, Atletico Madrilen beheko kategorietan esperientzia labur bat izan ondoren, Kanaria Handira itzuli zen, kasu horretan ere denbora laburrez, 2017an Vila-realekin fitxatu arte. Bertan, arrakasta handiak lortutako gazte taldean jokatu zuen eta Vila-real Berekin Bigarren Mailara igo zen joan den denboraldian; gainera, 1. RFEFeko golegile nagusia izanda.

Kamiseta horiarekin hasi du aurtengo denboraldia ere, baina oraingoan Miguel Alvarezek ez dio hainbesteko protagonismorik eskaini. 370 minutu besterik ez ditu jokatu lehen itzulian -nahikoak, edozein kasutan, bi gol sartzeko-, hamabi partidatan banatuta, eta horietako hirutan besterik ez da egon hasierako hamaikakoan.

Minutuen eta erakustoki on baten bila dator orain Eibarrera, bi denboraldi eta erdiko kontratua sinatuta. Datorren astera arte ez dute egingo aurrelariaren aurkezpen ofiziala, baina atzo Ipurua ezagutu zuen, gaur lehen entrenamendua egingo du taldekide berriekin batera eta ezin da baztertu igandean bertan debutatu ahal izatea; batez ere, Blanco Leschuek atzoko lan-saioan parte hartu ez zuela kontuan hartuta.

Argentinarrarekin eta Jon Bautistarekin lehiatu beharko du Aranak Gaizka Garitanoren konfiantza bereganatzeko. Lesioek aurrelari bien errendimendua oztopatu dute lehen itzulian eta sailkapenaren goialdean nolako estuasunak dauden ikusita, agintari armaginek nahiago izan dute erasoa indartu bigarren itzuliari ekiteko. 24 jokalarik -horietako hiru, atezainak- osatutako plantilla izango du Garitanok bere esanetara.

ILUSIOA

Indartuta eta «ilusioarekin» emango dio hasiera 2023ari Eibarrek, Anaitz Arbillak adierazi duenez, batez ere «urte amaiera ikusgarria egin» ondoren, taldea bigarren postuan kokatu zuten hiru garaipen eta berdinketa bat kateatuz eta «etxean zein kanpoan sentsazio onak» eskainiz.

Hala ere, nafarrak erlaxatzeak ekarriko lukeen arriskuaz ohartarazi du. «Gero eta partida gutxiago geratzen dira eta ilusio handiarekin hasi behar da, baina xehetasun guztiei garrantzia emanez» eta hurrengo aurkarien -Eivissa eta Malaga, biak Ipuruan- ibilbide apalaz fidatu barik, «denok baitugu asko jokoan. Talde fidagarria gara, baina ‘partida-tranpak’ izan daitezke».