EDITORIALA

Torturaren egia latzak bide egin du Nafarroan ere

Torturaren erabilera masiboak aitortza ofiziala du Nafarroan ere. Kriminologiaren Euskal Institutuak Gobernu nafarrari atzo eman zion txostenaren arabera, gutxienez 825 nafarren edo bertako bizilagunen tortura kasu izan dira 1979tik 2015era arte. Frankismoan eta trantsizio garaian izandakoak batuta, 1.068 kasu. UPNren Gobernuak lehenengo eta ondoren oztopo judizialek Estatuaren biolentziaren biktimak aitortzeko legea bezala hainbat urtez atzeratu arren, ikerketak bide egin eta Hego Euskal Herriko argazki makabroa osatu du: 1960tik, 5.000tik gora tortura kasu, haien ikerketa bultzatu behar zutenek ukatuak eta zigortu gabeak. Intzidentziari dagokionez, Nafarroako datuak bat datoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakoekin. Ez dira guztiak, ordea, eta Nafarroako kasuen gaineko txostenak hala islatu du, ikerketari segida ematea gomendatzen baitu.

Joan den azaroan ministro espainiar ohi batek aitortu zuen, harro asko, bere Gobernuak gerra zikina zuzentzen zuela; hilabete geroago, beste ministro ohi batek esan zuen Gobernua polizia etxeetan ohikoak ziren torturen jakitun zela. Zuzenbide estatu bateko gobernuak galarazi behar dituen praktikak estali ez ezik, sustatu ere egin zituen, eta haiek ikertzea eragotzi. Norbait hil edo bahitzea bezala, torturatzea ere delitua da, are larriagoa delituak galarazi behar dituenak eginda, oraingo nahiz duela hiru hamarkadako testuinguruan. Nafarroako eta Lakuako gobernuen txostenek erakutsi dutenez, tortura sistematikoa izan da, eta estatu batek horrelako tresnak erabiltzen dituenean, bere izaera demokratikoa gezurtatzen du, bere izendapen ofizialak dioena dioela.

Esanguratsuak dira txostena abiatzea eragozteko ahaleginak. Zer dela-eta ez zuten ikertu nahi? Ez dute justizia egin nahi, egiaren beldur baitira, justizia egitea eta susmo oro uxatzea zuzenbide estatuaren eginbeharrak diren arren. Hala ere, susmoaren itzalaren pean zeuden, eta orain, eragozpenak eragozpen, egitateen argiak agerian utzi du haien izaera. Torturatuei zor zaizkien egia, justizia eta erreparazioa emateko ezinbesteko urrats hau gatazkaren ondorio guztiak aintzat hartuta konponbide prozesu bat osatzeko urratsa ere bada.