GARA
TOKIO
FUKUSHIMAKO ISTRIPU NUKLEARRAREN ONDORIOAK

Kutsatutako ura udaberrian edo udan isuriko du itsasora Japoniak

Japoniako Gobernuak iragarri duenez, Fukushimako zentral nuklearrean erreaktoreak hozteko edo instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili eta pilatuta dagoen ur kutsatua eta tratatua -1,29 milioi metro kubiko- datorren udaberritik udara bitartean isuriko da Ozeano Barera, hango arrantzaleak aurka daude arren.

Fukushima Daiichi zentraleko ur kutsatuaren lagin batean tritioa neurtzen ari den teknikari baten artxiboko irudia.
Fukushima Daiichi zentraleko ur kutsatuaren lagin batean tritioa neurtzen ari den teknikari baten artxiboko irudia. (Charly TRIBALLEAU | AFP)

Japoniako Gobernuak Fukushimako zentral nuklearrean pilatuta dagoen ur kutsatu eta tratatua itsasora isurtzeko plana berrikusi eta onartu zuen. Horren arabera, datorren udaberritik udara bitartean aurreikusten du ur horiek itsasora isurtzea. Egitasmoak kaltetua izan daitekeen arrantza industriarentzat kalte-ordainak ere jasotzen ditu, baina hango arrantzaleak planaren aurka daude. Hego Koreak eta Txinak ere protesta egin dute, besteak beste.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia (IAEA) ura isurtzeko plana gainbegiratzen ari da, behin ura prozesatzen denean elementu erradioaktibo gehienak kentzeko, eta datorren astean misio bat bidaliko du Japoniara (mota horretako laugarrena), tokian bertan prestakuntza lanak aztertzeko.

«Isurketari ekin aurretik, itxarongo dugu Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak bere txosten orokorra egin arte, ikuskapenak indartu arte, kaltetutako eremuko produktuen salmenta babesteko neurriak hartu arte eta zurrumurru negatiboak zabaltzearen aurka lan egin arte», ziurtatu zuen Hirokazu Matsuno Gobernuaren bozeramaileak, plan berria onartu den bileraren ostean.

Bozeramailearen esanetan, ura Ozeano Barera isurtzeko lanak Japoniako erregulatzaile nuklearraren ikerketa eta IAEAren txostena amaitutakoan egingo dira, aurtengo udaberri eta uda artean.

Hasiera batean zentrala ustiatzen duen Tokyo Electric Power (Tepco) enpresak eta agintariek isurketa apirilean egitea aurreikusi zuten, baina atzeratu egin behar izan dute urak itsasoratzeko erabiliko den urpeko tunelaren eraikuntza atzeratu egin delako.

Isuriko den ura hondakin erradioaktiboekin kutsatutako ura da, erreaktoreak hozteko edo instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili dena. 1,29 milioi metro kubiko daude bidoietan gordeta, eta 2011ko lurrikara eta tsunamiak kaltetutako instalazio atomiko batzuen barruan, eta espaziorik gabe geratzen ari dira.

Zientzialariz osatutako talde batekin konponbide posibleak aztertu ondoren -besteak beste, lurrunketa edo lurrazpiko injekzio metodoak-, Japoniako agintariek eta Tepcok metatutako likido guztia zentralaren parean itsasora isurtzea erabaki zuten, kutsadura kentzeko tratamendua egin ondoren.

Hala, ura prozesatze sistema baten bidez tratatzen da eta sistema horrek arriskutsutzat jotzen diren material erradioaktibo gehienak ezabatzen ditu, tritioa izan ezik. Naturan dagoen isotopoa da, kontzentrazio baxuan egon arren.

Arrantzaleak, aurka

Japoniako agintariek ziurtatutakoaren arabera, isuriaren erradioaktibitate maila Osasunaren Mundu Erakundeak edateko urarentzat ezarritako mugatik beherakoa izango da eta, beraz, ez du arriskurik izango ez gizakien osasunerako ez ingurumenerako.

Tokiko arrantza erakundeak, ostera, isuriaren aurka agertu dira; izan ere, 2011ko hondamendi nuklearraren ondoren ia ez dute berreskuratu beren jarduera eta isuriak bertako arrainari eta itsaskiari eragiten dien estigmak okerrera egingo duen beldur dira.

Gobernuaren egitasmoak 50.000 milioi yeneko (357 milioi euro inguru) partida jasotzen du zentraletik gertu dauden arrantza industrientzat.