Jon ORMAZABAL

«Astelehen TRISTEAK» ez du lekurik topatu gernikako Jai alaian

Atzoko 1.500 lagunekin -sarrerak agortu ziren-, 16.500 pilotazale batu dira guztira astelehen arratsaldeetan aurtengo Winter Series-ean Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Iazko boomari eusteak zaila bazirudien ere, momentuz, zaleen erantzun izugarri honek berretsi egin du iaz hartutako bidea egokia dela.

Erabateko betekadak ohikoak bilakatu dira neguko astelehenetan Gernikan, iazko Winter Seriesak martxan jarri zirenetik.
Erabateko betekadak ohikoak bilakatu dira neguko astelehenetan Gernikan, iazko Winter Seriesak martxan jarri zirenetik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bidegurutze baten aurrean ohikoak dira zalantzak. Beti dago komeni baino ibilbide malkartsuago bat hartzeko beldurra eta, nola ez, inora ez daraman zidor batetik abiatzekoa. Bere historiako atakarik handienetako baten aurrean aurkitu zen zesta-punta duela urtebete eskas, Daniakoarekin, Ameriketako Estatu Batuetako jai alai guztiek ateak itxi zituztenean. Aurreko urteetako udetan izandako esperientziek bultzatuta, irabaz zitekeenik inor gutxik sinesten zuen apustu bat egin zuten iaz Gernikan, astelehen arratsaldeetan jaialdiak antolatuz, eta arrakasta sekulakoa izan zen. Iparrik galdu gabe, ekindako bidea sendotzea zen aurten ezarritako helburua eta, momentuz, publikoaren erantzuna berriz ere itzela izan da. Datuak ezin argigarriagoak dira: orain arte jokatutako 11 funtzioetan 16.500 lagun bildu dira Gernikako «Katedralean» -atzo ere erabat bete zen eguraldi makurrari aurre eginez-, duela ez asko, zale baikorrenak ere amestu ezin zitzakeen zifrak.

«Heltzea baino, mantentzea» izaten omen da sarri zailena eta, oraingoz behintzat, azterketa hau nota ezin hobearekin gainditzen ari da Gernikako Winter Series izenarekin ezagutu dugun fenomeno hau. Eta arrakastaren giltzen inguruan galdetzen hasiko bagina, ziurrenik arrakasta horrek berak ez itsutzea izan daiteke mugarri nagusienetako bat.

Komunitatea eratu

Ekimen honen atzetik dagoen Gernika Jai Alai enpresak oso argi izan du hasiera-hasieratik lehentasuna kirol honen inguruan komunitatea eratzea dela. Produktuari errentagarritasuna ateratzea baino, zaleak bildu eta fidelizatzea zela erronka eta horixe bilatu dute sarreren prezioekin. Funtzio bakoitzerako sarrerak 5 euroan saldu dituzte eta 60 euroren truke txapelketa guztia ikusi ahal izateko bonu bat ere jarri dute zaleen eskura; txartel horiekin edukiera osoaren ia erdia ziurtatu dute. 16 urtetik beherakoek, gainera, sarrera debalde dute eta horrek pilota eskoletako haur pila bat erakarri ditu.

Telebistaren erakusleihoa ere bultzada ederra izan da, funtzioak 19.30ean izan arren -familian gozatzeko plan ederra eskainiz- ETB1ek prime timean txoko bat gorde die iazko arrakastaren ostean, baina hau guztia alferrikakoa litzateke, produktua mimoz zaindu izan ez balute. Dena -musika, speakerra, txapelketaren diseinua...- ikuskizuna emateko diseinatuta dago eta, momentuz, dagokion tekla jotzen asmatu dutela dirudi. Aurrean zuten ezerezaren aurrean, betiko zaleek, «puristenek», begi onez hartu dituzte berriketa hauek guztiak, nahiz eta hasiera batean oso gustukoak ez izan, eta zale berriak erakartzeko ederki funtzionatu dute. Gernika bera proiektuan oso inplikatuta egon arren, edozein astelehenetan Euskal Herriko edozein txokotako zaleak batzen dira Gernikako Katedral ederrean, horietariko asko, gainera, orain arte zesta zuzenean sekula ikusi gabeak.

Txapelketaren kalitatean eragina izan zezakeela jakin arren, gazteak sartzea izan da aurtengo apustua, bideragarria izaten jarrai dezan belaunaldi erreleboa ere funtsezkoa baita; alde horretatik, Johan-Del Rio bikoteak ederki erantzun du, eta funtzio bat baino gehiagotan «sarrerak agortuta» zioen kartela eskegi behar izan dute txarteldegian.

Atzokoa izan zen egun horietako bat, nahiz eta eguraldiak etxeko goxoan geratzera bultzatzen zuen urteko egunik tristeena omen zen. Gernikan astelehenak beti izan dira bereziak, 650 urte baino gehiago dituen azoka ardatz, baina halako tradiziorik gabe, zesta-puntak ere mikroklima berezi bat topatu du, nekazariek euren barazki eta jakiak bezala, produktua mimo handienarekin zainduz. Nortzuek jokatuko duten jakin gabe, finalerdietarako sarrerak ia agortuta daude eta finalekoak oraindik ez dituzte salgai jarri.

LOS CAMPEONES SE DESPIDEN EN UN AGÓNICO DESEMPATE Y BARANDIKA-LEKERIA RESPIRAN

El palmarés del Winter Series tendrá nuevos campeones después de que Erkiaga-Zabala no pudieran asegurar su pase a semifinales tras caer ante Olharan-Basque en un agónico desempate decidido por una cortada de Olharan con empate a cuatro en el marcador. Con este marcador, son Barandika-Lekerika los que avanzan a la siguiente ronda junto a los ganadores de ayer, que ya estaban clasificados de antemano.

Y eso que las cosas se les pusieron muy de cara a la pareja vizcaina, que se hizo con el primer joko por 15-11. Sin embargo, la defensa de los azules, con un Basque solidísimo, les permitió llevar el partido al desempate (15-11) y hacerse con el triunfo (5-4). J.O.