GARA
MADRIL

Euskal Herritik nazioartera jauzi egingo du Eduardo Chillidak mendeurrenean

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena izango da 2024ko urtarrilaren 10ean. Efemeridearen karira, ekitaldi sorta prestatzen ari da Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioa.

Luis, Susana eta Mikel Chillida, Madrilgo aurkezpenean.
Luis, Susana eta Mikel Chillida, Madrilgo aurkezpenean. (GARA | GARA)

Madrilen aurkeztu zuen atzo Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak eskultorearen jaiotzaren 100. urteurrenari begira atontzen ari den egitarauaren aurrerapena. Lehenengo hitzordu handia Chillida Lekuk berak hartuko du: hamasei tonako pisua duen ‘‘Lugar de encuentros IV’’ eskultura jarriko dute udaberrian, Bilboko Arte Ederren Museoak utzita. Artium, Tabakalera eta San Telmon hitzaldi, erakusketa eta ekintza ezberdinak izango direla ere aurreratu zuten.

Urteurren ospakizunak 2023. urtearen erdialdera hasi eta 2025. urtearen hastapenera arte iraungo dute. Epe horretan Arantxa Aguirre zuzendari eta gidoilariak Chillida Lekuren historia eta sorrera biltzen dituen dokumental bat filmatuko du.

Nazioartera begira jarri eta eragin eremuak zabaltzea da, azaldu zutenez, ospakizunetako helburuetako bat, «Chillidaren lanak iritsi daitezen kultura, belaunaldi eta jatorri ezberdinetara». Xede horrekin argitaratuko dute eskultorearen gaineko laugarren katalogo arrazoitua. Nerea argitaletxea ari da zeregin horretan lanean, eta lau liburukiak biltzen dituen formatu berezia ere salgai jarriko dute.

Austriara ere iritsiko dira ospakizunak. Apiriletik irailera bitartean herrialde europarrean egin den Chillidaren gaineko erakusketa handiena hartuko du Kunsthalle Krems museoak: 80 pieza, orotara.

Web orrialde berri bat (eduardochillida.com) ere atondu dute. Webgune hau Chillidaren «legatu artistikoa eta obraz gehiago jakin nahi duenarentzat datu base digital garrantzitsuenetakoa bilakatuko da», aurreratu zuten.