Jon GARMENDIA
Idazlea

Derrepente

Ziburuko Bixintxo entzun aldiko Joelek errandako «Gaizto bat baino hobe dira bi zintzo» oroitzen dut. Pentsatzen jarrita, herriko festa guti ezagutzen dut urtarrilean haize hotz-euri-elur artean bere saindu edo patroiaren ohoratzen. Lapurdiko kostakoa da horietako bat, baina ez dakit Bixintxo (Bizente, Vençant) izena nondik datorkion, palotinoen sortzaileagatik edo Huescako martirrarengatik, biek urtarrilaren 22a dutelako festa eguna. Eliza eraiki zutenen bizkarrak jakingo du ondo, baina Bilintx: «Indalezio Bizkarrondo»! erantzun diot Peiori bizkarraz mintzo zelarik; berak Moko erran dit. Albertok Donostiako bonbardaketan hil zela gaineratu du eta Peiok herrena eta sudur-okerra zela bertsolari eta poeta; hortik landa, dena eztabaidagai, batez ere nola hil zen, ezbeharragatik, urteengatik edo egunarengatik, «Derrepente» erran du Xabierrek, eta Karmeleri gustatu zaio nire «Hil da? atzo berekin egon nintzen eta! ba… Venezuelan erraten dute que nadie se muere la vispera!». Marikarmen eta Txeri entzunda dakit. Halere, eskerrak Albertok «Txibatoa» deitzen duen sakelakoa daukan, hor jakin dugu 76an hil zela Bilintx, «baina mende honetan?» inozo galdetu dut. Orduan Albertok informazioa leitu digu frantsesez, hori ere ikasi du oñatiarrak, eki-iparralde honetan errefuxiatu diren anitzek bezala. Santa Kruz aipatu dugu gero. Peiok, beti bezala, bazekien Kolonbian hil zela. Nik «Iparragirreren gisa?» eta berak «Ez!». Jakinduria halakoekin eta halakoetan handitzen dut. Agian, noizbait idatziko dut sakonago haiei buruz. Derrepente, haiei esker.