GARA
NEW YORK

Abortu eskubidea babesten, «Roe vs Wade»-ren epaitik 50 urtera

Igandean bete ziren 50 urte «Roe vs Wade» auzi famatutik. AEBetako epai hark abortua legeztatu zuen maila federalean, eta indarrean egon zen joan den ekainean Gorte Gorenak indargabetu zuen arte. Manifestazioak egin dira herrialde osoan abortu eskubidearen alde.

Abortuaren aldeko emakumeen martxa, iragan igandean New Yorken.
Abortuaren aldeko emakumeen martxa, iragan igandean New Yorken. (Andrea RENAULT | AFP)

Esloganak eta promesak bakarrik, ekintzarik ez. Joe Biden AEBetako presidenteak eta Kamala Harris presidenteordeak abortu eskubidearen alde borrokatuko direla hitzeman zuten berriro igandean, Auzitegi Gorenaren epai ezagunetik mende erdira. Bien bitartean, hainbat manifestazio egin ziren herrialde osoan.

Joan den ekainean indargabetu zuen Gorte Gorenak, Ameriketako Estatu Batuetako epaitegi nagusiak, “Roe Waderen kontra” epaia, duela jada mende erdi abortua maila federalean legeztatu zuena. Kontserbadoreen esku dago orain gorte hori eta abortuaren eskubide konstituzionala ezeztatu zuen.

New Yorken 300 lagun inguru atera ziren protestan kalera, 1970eko urteetan emakumeek erabili zuten lelo berarekin: “Nire gorputza, nire erabakia”.

Ymoni Shavuo 27 urteko antolatzaileak negar egin zuen “Roe Waderen kontra” ezeztatu zutenean. «Doluan gaude eskubide konstituzional hori galdu delako (...) baina ez dut animorik galtzen, ez dut etsitzen; gehiago mobilizatzen naiz», adierazi zion AFPri.

48 urteko Kristyn Beausoleilek aitortu zuen berak, bi ahizpak eta amak abortatu zutela: «Arrazoiak gure kontua dira (...) Gure bizitzak hagitz ezberdinak izanen lirateke aukera hori izan ez bagenu».

«‘Roe Waderen kontra’ epaiaren 50. urteurrena ospatzen ari beharko genuke», adierazi zuen Bidenek txio batean. «Aldiz, ‘MAGA’ funtzionario errepublikanoek (Donald Trump presidente ohiaren Make America Great Again taldeko kideek, alegia) emakumeek beren osasunaren inguruan erabakitzeko duten eskubidearen aurkako gerra abiatu dute», gaitzetsi zuen presidente demokratak.

«Nolatan ausartu dira?», kritikatu zuen, bestalde, Kamala Harris presidenteordeak Floridan eman zuen hitzaldian, funtzionario errepublikano horiei aipu eginez.

«Muturrekoen legeak»

«Estatu batzuetan, Florida barne, muturrekoek haurdunaldia eteteko aukera mugatzeko diseinatu dituzten legeak» salatu zituen Harrisek. Orotara, errepublikanoek gobernatutako hogei bat estatuk baliatu dute Auzitegi Gorenak irekitako arrakala.

Planned Parenthood agentzia federalak agertu zuen estatubatuar gehienek abortatzeko eskubidea babesten dutela. Hiru emakumetik bat eskubide hori mugatu duten estatu batean bizi da. Agentziako presidentea da Alexis McGill Johnson. «Pazienteei eta medikuei gertatzen ari zaiena izugarria da, baina gure mugimendua berpizteko balio du», aldarrikatu zuen.