Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Efemerideak

Zuhaitzaren Egunerako prestatuak zeuden mila zuhaitz-zurtoin jan zituztelako udal hiltegian atxikita zeuden bederatzi ahuntz lapurtu dituzte igande goizaldean, sarrerako atea hondatuz. Ustezko jabeek 4.000 pezeta buruko ordaindu beharko zituzten berreskuratu ahal izateko, eta, 8 egunen buruan agertu ezean, bederatzi ahuntzak sakrifikatu egingo ziren, eta, ohi denez, haien haragia Hiribilduko asilora eramango zen». 1984ko martxoko gertakaria Rafa Bandresek Errenteriako ‘‘Oarso’’ aldizkarian jaso ohi zituen efemerideen artean agertzen zen. Efemerideek fantastikotik asko dute, batez ere denbora tarte bat dagoenean, esanez bezala, «aspaldian gertatu omen zen…». Eta kontatzerakoan errealitatea eta fantasia nahasten dira; istorio harrigarria bada, sinesgaitza ia-ia, egiak gutxi inporta du.

«Inauteri igandea. Asto bat Herriko kaleetan aurkitua izan zen. Udaltzaingoak baserri batera eraman zuen, jabea agertu bitartean». 1985eko inauterietan zer gertatu ote zen herrian asto bat galtzeko; beharbada, oraindik sukalderen batean kontatzen jarraituko da. Udaltzainek nola lortu zuten hura lotu eta baserrira eramatea, ziur aski oraindik udaltzain berriei kontatuko zaien pasadizoa izango da. Eta baserritarra? Efemeride bihurtuta, hainbat istorio atera daitezke, guztiak egiaren parte bat izanik, baina guztiak asmakizunaren mugetan. Istorioak kontatzeko askotan nahikoa izaten da efemeride sorta bat. Aspaldikoak.