Bi urte eta aurrera
Orain dela bi urte, Iruñean norbanako talde bat Haritu elkarlaguntza sarean antolatzen hasi ginen, langile klasearen pobretze orokortuari kolektiboki aurre egiteko helburuarekin. Elikadura eta etxebizitzara iristeko handitzen ari diren zailtasunak medio, Harituren Elkartasun Biltegia eta Etxebizitza Sindikatua sortu genituen.
Elkartasun Biltegia 110 partaidez osatuta dago dagoeneko eta hiriko supermerkatu ezberdinetan 15 egunean behin egiten ditugun bilketekin sostengatzen da. Gainera, baratze eta olibadi bana ditugu autogestiorako. Ibilbide sozial eta politiko anitzeko lagunak biltzen gara. Horrek elkar ulertze ariketa oinarrizkoa izatea suposatzen du; hala nola hizkuntzena (wolof, arabiera, frantsesa, euskara edo gaztelera), militantzia praktikena eta pentsatzeko, sentitzeko eta egiteko era ezberdinena.
Etxebizitza Sindikatua, berriz, etxebizitzaren jabearekin gatazkan dauden maizterrekin antolatu da. Dozenaka maizterrekin beraien eskubideen inguruko aholkularitza egin eta horiek bermatu ditugu. Hainbat etxegabetze geldiarazi dira. Denetariko problematikak salatu dira. Etxebizitzak bizitzen garapen eta zaintzarako oinarrizkoak direla ez diogu esateari utziko. Halere, etxebizitzara sarbidea gero eta mugatuagoa da askorentzat. Nafarroan, azkeneko 7 urteetan, %40 hazi da alokairua. Sarbiderako baldintzek egoera zaurgarrian dauden pertsonek edo lanpostu prekarioak dituzten pertsonek etxe bat osatzea zailtzen dute.
Etxebizitzen erabilera turistiko eta aldi baterakoaren hazkundeak irabaziak biderkatzea ahalbidetzen die jabeei (gehienbat jabe ertain eta txikiak), eta prezioen igoeran laguntzen du. Gure hiriak arpilatuak izaten ari dira. Honi gehitu behar zaio etxebizitzen gestiorako inbertsio funtsen gero eta agertze handiagoa. Hau da Testaren kasua Iruñean: hamaika alokairuren gestioa eskuratu du eta auzokideak itotzen saiatzen ari da alokairu kontratuen arrazoirik gabeko aldaketekin.
Gainera, aurrekaririk gabeko hornidura eta erregaien igoera, langabezia, soldata kaskarrak, erosketa-saskiaren prezioaren igoera... gero eta gehiago kaskartzen dituzte bizi baldintzak eta, bereziki, egoera araugabean dagoen biztanleria arrazalizatuarengan. Bestetik, enpresari, banketxe eta errentadunak haien irabaziei atxikitzen zaizkiela ikus dezakegu. Intermon Oxfam-en datuen arabera, munduko biztanleriaren %1ek munduan ekoitzitako aberastasunaren %63 pilatzen du. Gehitu diezaiogun horri guztiari gainbehera ekologikoa, testuinguru globala, mugetan izaten diren heriotzak eta krisi energetikoa. Ez zaigu arrazoirik falta ibiltzen jarraitzeko.
Haritun 2 urte daramatzagu oinarrizko beharren eta etxebizitzaren problematika era kolektiboan borrokatzen, komunitatea autoantolakuntzaren bitartez ehuntzen eta beste kolektibo batzuekin elkarlanean. Honen adibide dira Iruñeko saskibaloi eta futbol mundialito antirrazista, sarearen hedatzea Iruñeko auzoetan edota Hego Euskal Herriko beste etxebizitza sindikatu eta elkarlaguntza sareekin antolatzeko eginiko apustua. Bi urte, gure ustez, arazo hauen kausa egiturazkoak direnak salatzen: etxebizitzaren merkantilizazioa, baliabideetarako sarbidean dagoen desberdinkeria, klase zapalkuntza, arrazismo instituzionala, emakumeen aurkako biolentzia. Zeren eta garrantzitsuena ez da pastela banatzea, baizik errezeta aldatzea.
Horregatik, urtarrilaren 29an 13.00etan Iruñeko San Frantzisko plazatik “Oinarrizko beharren eta etxebizitzaren defentsan, antolakuntza!” lemapean irtengo den kalejirara gonbidatzen zaituztegu, bai eta Zabaldin eginen den ondorengo otordura ere. Antolatu eta elkarlaguntzan haritu!