Jon ORMAZABAL
PILOTA

Inertzien zamak pisu handia izan du Bilbon

Euren buruak aurkitzen hastea ez dute nahikoa izan Ezkurdia-Martijak irabazteko partidarik borobilena egin behar ez duten Altuna-Tolosaren aurka

Altunaren alboan, hazten jarraitzen du Tolosak.
Altunaren alboan, hazten jarraitzen du Tolosak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sarri entzun izan diegu pilotariei, batez ere zita handien atarian, aurreko guztiak ez duela ezer askorako balio eta egun eta ordu horretan egin behar dela pilotan. Eta hori hala izanda, boladek eta inertziek zenbaiterainoko garrantzia izan dezaketen argi geratu zen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Hala, partida borobil bat jokatu behar izanik gabe, Altuna-Tolosak bigarren postuan sendotu dituen garaipena eskuratu zuten eta, lehiakortasuna berreskuratu izanaren zantzuak utzi bazituzten ere, Ezkurdia-Martijari gauzak ikaragarri zaildu zaizkie 14-11 aurreratu ziren partida bati ihes egiten utzita.

Amezketarrak eta anoetarrak, biek pasa zituzten estuasunak atzoko partidan, atzelariak hasieran, pilotek grazia zuten bitartean kosta egin zitzaion, eta erdi aldera aurrelariak, ohikoak ez dituen hutsen batzuk pilatuta, baina konfiantzaz lepo daude, unerik zailenetan elkar babesten jakin izan zuten eta amaieran Altunak, ia beti bezala, partida amaitu ahal izan zuen, tartean bideotekarako ale izugarri ederrak utzita.

NAHI ETA EZIN

Sakandarrak, ordea, txanpon beraren beste aldea lirateke oraintxe bertan. Nahia eta lanerako borondaterik inork ezin dakie ukatu, baina atzo partidaren zatirik handienean lehiakor sentitu baziren ere, partida gogortu eta pilotak geratzen joan ziren eran, amildu egin ziren, noiz eta Altunaren hiru kaleren ostean, 14-11 aurreratu zirenean. Martijari pilota bat erori zitzaion jarraian, ordea, eta erabakigarria izan zen 7-0eko partzial bat jaso zuten segituan.

Etxeberriko atzelariak ez zuen batere partida hasiera onik izan, baina kontrako 3-0eko partzialaren ostean, gora egin zuen bere jokoan nabarmen, hori bai, Tolosa sendo bati bizkarra garbi erakustera inoiz heldu gabe.

Atzean inor ez zen bere pareko pilotaria hausteko gai izan eta boleaz eta asko sartuta, aspaldiko Joseba Ezkurdiarik eraginkorrena ikusi genuen zenbait tantotan, pilotaleku berean Jokin Altuna berriz ere deseroso sentituarazteraino.

Kontua da, Lau eta Erdiko final gogoangarri hartan ez bezala, edo duela bi urteko Binakako final hotz hartan ez bezala, arbizuarrak eta Etxeberrikoak ez zuten sendotasunik agertu. Sasoian denean, partida luzatu ahala gora egiten duen pilotaria da Martija, baina aurtengo Binakakoan alderantziz ari zaio gertatzen.

Pilota motelagoekin Ezkurdiak ere ezin izan zion ordura arteko eraginkortasunari eutsi eta Jokin Altunaren aurrean amore eman behar izan zion. Gaur Jaka-Arangureni bultza beharko diete, aurrera egiteko esperantza urriei eusteko.