GARA
PEKIN

Txinak baieztatu du Hego Amerikan atzeman duten globoa ere berea dela

Montanan atzeman eta eraitsitako globoaren antzekoa da.
Montanan atzeman eta eraitsitako globoaren antzekoa da. (AFP)

Txinako Gobernuak atzo bertan baieztatu zuenez, Hego Amerikan atzemandako globoa, AEBetako gerra-hegazkinek larunbatean Ozeano Atlantikoan eraitsi zutenaren antzekoa, berea da, baina «asmo zibilak» baino ez dituela ziurtatu zuen. Washingtonek, ordea, espiotza lanetarako erabiltzen dituela leporatu dio.

Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu zuenez, bigarren globo hori «akats baten ondorioz» sartu da hainbat herrialdetako aire espazioan, horien artean Kolonbian. Txinak ziurtatu zuen Nazioarteko Zuzenbidea errespetatzen duela eta globoa ez dela inolako mehatxua herrialdeentzat. Maok ez du erantzun zeintzuk diren hain denbora laburrean globoen kontrola galtzeko arrazoi zehatzak: «Ez naiz aditua», adierazi du.

AEBek beren lurraldea zeharkatu zuen globoa behera bota izanak krisi diplomatikoa eragin du bi herrialdeen artean eta tentsioa areagotu. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan zuen AEBetako agintariek globoa eraisteko hartutako erabakia «onartezina eta arduragabea» dela, Bloomberg agentziak jasotako adierazpenen arabera.

Hori dela-eta, Xie Feng Txinako Atzerri ministrordeak Gobernuaren «ezinegona» helarazi dio AEBek Txinan duten enbaxadari. Txina «irmo» agertu da eraistearen aurka eta erantzun gisa «neurri berriak hartzeko eskubidea» duela aldarrikatu du.

AEBetako Defentsa Departamentuak ostiral gauean jakinarazi zuen bigarren globo bat atzeman zuela Hego Amerikan eta Kolonbiako Armadak asteburuan zehar baieztatu du berri hori.